Bilera informatibora adin guztietako herritarrak etorri dira. Amaieran, argazkia atera dute gaztetxearen alde. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Parte Zaharreko gaztetxeko kideek bilera informatibo bat egin dute Donostiako Udalak desalojo jakinarazpena entregatu diela jakinarazteko. Bertan azaldu dutenaren arabera, udalak prozedura abiatu du gaztetxearen aurka Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, eraikinaren jabetza modu urgentean berreskuratzeko asmoz. Gauzak horrela, bost eguneko epea utzi diete helegiteak aurkezteko; horiek igarota, desalojoaren ebazpena edozein unetan jaso dezakete.
Udalak eraikina okupatzeko zilegitasunik ez dutela eta “erabilera pribatiboa” egiten dutela leporatzen diela adierazi dute Kijerako kideek. Hori horrela ez dela erakutsi eta prozedurari bide administratibotik aurre egiteko, gaztetxeak helegiteak masiboki aurkezteko deialdia zabaldu die hiriko eragile eta norbanakoei. Datozen egunetan adieraziko dute nola egin behar diren helegiteak, eta urtarrilaren 2an denak batera aurkeztuko dituzte, prentsaurreko batekin batera.
Horrez gain, abenduaren 29an auzolana egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, gaztetxea loaldietarako prestatzeko asmoz. Izan ere, bide legaletik ahaleginak egin arren, desobedientzia erabiltzeko prest daudela adierazi dute Kijerako kideek, “gaztetxetik joateko inolako asmorik ez dutela” azpimarratuz. Era berean, urtarrileko lehenengo asteburuan manifestazio bat egiteko asmoa dutela jakinarazi dute. Bilera amaieran, gaztetxearen aldeko argazkia atera dute gaztetxean bildutako herritarrek.