Gazteak lekurik gabe utzi ditu hiriko prezioen gorakadak
Etxebizitzen prezioa nabarmen hazi da. Donostian etxe bat erostea guztiz ezinezkoa da gaur hiritar askorentzat; alokatzea ere oso zaila da, pisu gutxi eta eskari handia dagoelako, eta prezioak asko puztu direlako.
Etxebizitzarena donostiarren kezka nagusienetariko bat da, baina urtez urteko joerek ez diete etorkizun itxaropentsua aurkezten. Alokairuaren prezioa inoiz baino altuagoa izan zen Donostian 2017 urtean, Idealista etxebizitzen salerosketarako eta alokairurako iragarkien webguneak aurkeztutako txostenen arabera, eta egoerak ez du hobera egin 2018an zehar. Etxebizitzen salerosketari dagokionez, hirian metro koadroa batez beste 4.150 euroan dagoela jakinarazi zuen udalaren Etxegintza sailak urte hasieran. Hau da, zifra aurreko urteko batez besteko prezioarekiko %2,5 hazi zen urtarrilerako (Idealistak 2017ari buruz argitaratutako datuak kontuan hartuta).
Hazkunde hori islatzeaz gain, udalak aurkeztutako datuek beste errealitate esanguratsu bat islatu zuten ere: higiezinen prezioaren aldea gero eta handiagoa da auzotik auzora: adibide gisa, hiriko erdiguneko etxebizitza baten metro karratuaren prezioa Altza edo Bidebietako beste batena baino hamar aldiz handiagoa izatera iritsi daiteke.
Egoera horren aurrean, erosten duten bakarrak helduak direla eta gazteei alokairuaren aukera hartzea besterik ez geratzen ez zaiela nabarmentzen dute higiezinen agentzietako langileek.
Alternatibak eraikitzen
Martxoa hasieran, hiriko hainbat gaztek Abaraska kolektiboa sortu zuten etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Donostiako hirigunean modu duin batean bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute bere kideek, eta gaur egungo ereduari buelta emateko asmo irmoa azaldu dute.
Horretarako, etxebizitza kooperatiboaren aldeko apustua egin dute, jabetza kolektiboa, etxebizitza erabilera balioa eta kideen arteko lankidetza ardatz gisa hartuta.
Era berean, eredu inklusibo, jasangarri eta ez espekulatzaile bat sustatzea bilatu dute, kolektiboko kideek azaldu duten moduan, helburu argi eta orokor batekin:?«Etorkizuna eraikitzeko eta irudikatzeko espazioa da Abaraska».