"Dantza talde txiki bat gara, eta amateurra"
Kresala Dantza Taldeak 50 urte bete zituen 2018an, eta bost hamarkaden ibilbidea islatzen duen erakusketa osatu dute Groseko Okendo kultur etxean: ‘Pausoz pauso. Hegaldi isila, hegada luzea’.
Mende erdiko ibilbidea osatu du Kresala Dantza Taldeak, 2018an. Bilakaera horren lekuko, erakusketa bat zabalik egongo da urtarrilaren 26a arte, Okendo kultur etxean: Pausoz pauzo. Hegaldi isila, hegada luzea. Faustino Aranzabal taldeko zuzendaria da; txikitatik ibili izan da dantzaren munduan, eta 1993an Kresalan sartu zen. Aiora Marigil bospasei urterekin sartu zen Kresalako dantza eskolan, duela bost urte helduen taldera igaro zen, eta hor jarraitzen du, 20 urterekin. Biekin elkartu gara Okendoko erakusketan: «Erakusketa ez da hainbeste 50 urteko historia, baizik eta gogoeta bat, dantzaren inguruko gogoeta bat. Esan daiteke dantza eszenikoen proposamenen erakusketa bat dela, gure proiektuen erakusketa», dio Aranzabalek. Gainera, erakusketa osatzerakoan, koherentzia oso kontuan izan dutela dio Aranzabalek: «Garai jakin bateko dantzariak dira protagonistak, eta gehienetan argazkilari beraren begiradatik, lauzpabost urtez. Hala ere, bost hamarkadetako errepertorioa erreparatzen du».
Kalitateari garrantzia emanez
Faustino Aranzabalek argi dio Kresalak ibilbide oparoa osatu duen arren, talde txiki bat dela: «Oinak lurrean jarrita, dantza talde txiki bat gara, eta amateurra. Dantza tradizionalaren munduaren barnean, proposamen iradokitzaileak egiten ditugu». Iritzi berekoa da Aiora Marigil: «Talde txikia gara, bai, baina maila handiko ikuskizunak osatzen ditugu, beste arte mota batzuetako ukituak sartuta». Zehazki, Kresala dantza taldeak 40 dantzari ditu, guztiak 16 eta 24 urte bitartekoak. Horretaz gain, dantza eskola dute, ehun bat ikaslerekin, 5-16 urte bitartekoak. Herri dantzen inguruko ikastaroak ere eskaintzen dituzte helduentzako.
Taldeak urtero ikuskizun bat osatzen du, eta Euskal Herrian barrena zabaltzen du, hamabi emanaldi ingururekin. Atzerrira ere joaten dira tarteka, eta nazioarteko jaialdietan parte hartzen dute. Taularatutako azken ikuskizuna du kuttunena Aranzabalek, Zeruko. Marigilek, berriz, denak maite dituen arren, Marixe oso gogoan du, haurra zela interpretatu zuelako taldeak: «Panpinen balleta zen, ipuin handi baten gisa zegoen apaindua, eta txotxongiloak ziren protagonistak. Dantzari askok gogoan dugu».
Parte Zaharrean du egoitza Kresalak, baina ez dute auzoko dantza talde gisa sailkatzen, ezta Donostiako talde gisa ere: «Egoitza Euskal Herria kalean dugu, baina Euskal Herrira begira», zehaztu du Aranzabalek.
Edonola, dantzak diziplina handia eskatzen duela diote: «Berrehun dantzari inguru igaroko ziren Kresalatik, dantzari bakoitzak eman behar duena eta lan egiteko dinamika diziplina handikoak dira eta. Kantitateari baino gehiago kalitateari eman behar diogu garrantzia». Hain zuzen, astean hiru entsegu egiten dituztela dio Marigilek, ordu eta erdiko saioak egun bakoitzean: «Denek ditugu beste hainbat kontu Kresalatik kanpo, baina gustura joaten gara».
Aurrera baikortasunez begiratzen dute, baina «erotu gabe». 2018an karga handia hartu zutela dio Aranzabalek, 50. urteurrenaren ospakizunarekin, eta orain, egunerokoan arintasunean aritu nahi dutela: «Jakinda historia duzula, baina historiaren pisurik gabe».