Norabide bakarreko kalezuloan
Parte Zaharreko gazte asanbladak Kanpandegi kaleko udal eraikina okupatu zuen duela lau hilabete, auzoaren beharrei erantzun nahi dien Kijera gaztetxea sortzeko. Udalak, ordea, okupazioa gaitzetsi eta eraikina berreskuratzeko asmoa agertu du. Desalojo saiakera edozein unetan iritsi daiteke, eta aurrez aurre dauden bi aldeek argi utzi dute ez dutela atzerapausorik emango.
Lerro hauek idazten diren bitartean, hainbat gazte gogor ari dira lanean Parte Zaharreko Kaialde eraikinean: pankartak egiten, ateak indartzen, leihoak hesitzen… Bertan lo egiteko oheak eraiki dituzte, eta txandetan antolatu dira, egunez zein gauez eraikinean beti norbait egon dadin. Kijera gaztetxeko kideak “erresistentzia fasean” daude, eta argi utzi dute Kanpandegi kaleko euren izkinan tinko mantenduko direla, edozein unetan iritsi daitekeenaren zain: “berreskuratze prozesua” udalaren hitzetan, “desalojo bortitza” gazteen ahotan.
Hitzak hitz, une honetan garbi dago gazte horien eta udal gobernuaren arteko distantzia gaindiezina dela, paradoxikoki, bien egoitzak metro gutxira egon arren. Kijerako kideek hainbat saiakera egin dituzte udal ordezkariei euren proiektua zertan datzan azaldu eta adostasun batera heltzen saiatzeko. Ordea, udalak ez die berarekin hitz egiteko zilegitasunik aitortzen, eraikinera modu ilegalean sartu izanagatik. Auzo elkarteak Eneko Goiarekin biltzeko aukera izan du, baina Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, alkateak «legeak agintzen duena» egingo duela berretsi zuen asteartean.
Begirada atzera bota beharra dago egungo egoera zein den ongi ulertzeko. Izan ere, berehala iritsi daitekeen desalojoak aurrekari bat izan zuen uztailean. Kaialde eraikina okupatzeko gaizki irtendako saiakera baten ondoren, auzoko gazteek urte luzez hutsik egon zen Aldamar kaleko bideokluba okupatu zuten hilabete horretan, bertan gazte lokala sortzeko. Poliziak astebetera kanporatu zituen hortik, gazte asanbladako kideen arabera, inolako agindurik gabe eta, hortaz, modu ilegalean eginiko operazioan.
Gazteek, ordea, ez zuten amore eman. Izan ere, auzoan bizi zuten errealitatea nola edo hala aldatu beharra zegoela azpimarratu dute Kijerako kideek: “Euria edo hotza egiten zuen aldiro, gure aisia tabernetara bideratzera behartuta geunden, horrek alkohol kontsumoarekiko dakarren loturarekin”. Horri irtenbide bat eman eta auzoan espazio berri bat irekitzeko asmoz, irailaren 1ean, Kontxako estropadaren egunean, Kaialde eraikina irekitzeko bigarren saiakera egin zuten. Orduan, aldiz, ez zuten huts egin.
Sortutako gune berriari Kijera izena jartzea erabaki zuten gaztetxeko kideek, 1979an Espainiako poliziak eraildako Antiguako ekintzailearen omenez. Hain zuzen, Iñaki Kijera Kanpandegi kalean hil zuten, duela 40 urte, euskal presoen aldeko manifestazio batean.
Lau hilabete igaro dira gazteak eraikinera sartu zirenetik, eta denbora tarte horretan ez dute denborarik galdu. Izan ere, espazio eta egitasmo berri ugari sortu dituzte gaztetxearen barruan: liburutegia, haurgunea, lantegia, joskintza tailerra, filosofia mintegia, zirku tailerra… Rokodromo bat ere egiten hasi dira, eta ostiralero auzotarrentzako afariak prestatzeko sukaldea sortu dute.
Auzoari irekia, hamabi urteren ostean
Eraikin publikora modu ilegalean sartu izanaz gain, udalak espazioaren «erabilera pribatiboa» egitea leporatzen die gaztetxeko kideei. Hauek, ordea, auzotarrei Kaialdeko ateak ireki dizkietela nabarmendu dute, bizilagun eta eragile ugari eraikina erabiltzen hasi direla azpimarratuz. “Udala behin baino gehiagotan gonbidatu dugu hona etortzera”, azaldu dute, “eta desalojoaren jakinarazpena ekarri ziguten udaltzainak atea parez pare irekita topatu zutelako sartu ziren gaztetxera”.
Udalak aipatutako erabilera pribatibo horri buruz galdetuta, bestelako hausnarketa egin du ere Iñaki Biain Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak: “Eraikin publiko bat hamabi urtez hutsik edukitzea beste ezer gauza baino pribatiboagoa dela uste dut”.
Auzo elkartea da udalarekin gaztetxeari buruz hitz egiteko bildu den eragile bakarra, eta topaketa horretan ikusitakoagatik, udalak Parte Zaharreko errealitatearen diagnostiko desberdin bat egiten duela uste du Biainek: “Auzoan beste edonon baino kultur ekipamendu gehiago ditugula esan ziguten, baina guk eskatzen duguna auzogintzarako espazioak dira:?sorkuntzarako, gure arteko harremanak lantzeko… eta udalak horri ez dio garrantzirik ematen”.
Auzo elkarteko kideak azaldu du 2014an, EH?Bilduren udal gobernuarekin, auzoko gabezia horiei erantzuteko aukera egon zela. Hain zuzen, Kaialde eraikina auzotarren erabilerara bideratzeko proiektu bat adostea lortu zuten. Egitasmoa udalbatzan aurkeztu zenean, aldiz, oposizioan zeuden EAJ eta PSE-EEk proiektua bertan behera utzi zuten, Biainen arabera, eraikuntza lanbide heziketarako edo Iraleren egoitza gisa erabiltzea egokiagoa zela uste zutelako.
Bi alderdi horiek udal gobernu berria osatu zutenetik, aldiz, Kaialde eraikinak hutsik jarraitu du. Gainera, bere erabilerarako proiektu sendorik ez dagoela zehaztu dute auzo elkartetik. Udalak behin baino gehiagotan aipatu du bertan adineko pertsonentzako etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat dagoela, baina Biainek bere zalantzak ditu horren inguruan: “Oraingoz beste lehentasun batzuk dituzte, esaterako, Bretxako berritzeko proiektua, eta alkateak berak onartu digu Kaialden etxebizitzak sortzea oso garestia izango litzatekeela”.
Bizitza berri bat Kaialderentzat
Marisa Andres Orixe Ikastolako zuzendari ohi eta irakasleak modu berezian bizi du Kaialdek azken hilabeteetan jasan duen berpizkundea. Kanpandegi kalean lan egin zuen, eta hamabi urteren ostean, eraikina berriro barrutik ikusteko aukera izan du, bestelako gauza batean bihurtuta. Bertan, noski, ikasle ohi askorekin egin du topo.
Ikastola zaharraren okupazioak ez du ezustekoan harrapatu, Andresen ustez, gertatu dena gauza “normala” delako:?”Ulertu ezin dena da eraikin hori, auzoan ditugun arazo guztiekin, hamabi urtez hutsik mantendu izana”. Alde horretatik, udalak «utzikeriaz» jokatu duela adierazi du, horrenbeste denboran eraikinarentzako proiektu garbirik aurkeztu ez duelako: “Nolatan ez zuten lehenago ikusi horrelako zerbait gertatu zitekeela?”.
Auzoak “behar handiak” dituela eta bertan eraikin hutsak daudela ikusita, 2014an proposatutakoa bezalako proiektuak garatu behar direla uste du Andresek: “Garestia izan daiteke, ados, baina hemen zerbait egin beharra dago, gaur egun Parte Zaharrean auzotarrak soberan gaudela dirudielako”.
Kaialderi dagokionez, Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek eskaera zuzena egin diote udalari: eraikina desalojatzeko abiatu duen prozesua etetea eta bere erabilera auzotarren esku uztea, alegia. Sinadura bilketa abiatu dute herritarren babesa lortzeko, eta egun gutxitan ia 500 pertsona auzo elkartearen eskariaren alde agertu dira.
Hala ere, ez dirudi datozen egunetan egoerak inolako norabide aldaketarik jasango duenik, garbi geratu baita Kijera Gaztetxeari eta udalari dagokienez atzerapausorik emateko inolako asmorik ez dagoela. Hortaz, auzotarrei, lehenago edo beranduago iritsiko denaren zain geratzea besterik ez zaie gelditzen orain, irtenbiderik gabeko kalezuloan.