Paco Etxeberriak jasoko du aurtengo ohorezko zapia
Amara Berri ikastetxeko danborradak 2019ko ohorezko zapia emango dio Paco Etxeberria Gabilondo antropologo eta auzitegi medikuari.
Amara Berri ikastetxeko danborradak sari berezi bat eman ohi du urtero, San Sebastian egunean: ohorezko zapia. Auzoaren alde edo danborradaren alde, alor kultural edo sozialean, lan egin duen pertsona, elkarte edo erakunde batek egindako lana aitortzeko saria da duela 25 urtetik. 2019ko ohorezko zapia jasoko du Paco Etxeberria Gabilondo antropologo eta auzitegi medikuak. Gainera, Amara Berriko ikastetxeko guraso ohia da Etxeberria. Sariarekin Etxeberriaren karrera zabala omendu nahi dute, eta baita egiten duen lan sozialagatik ere.
Saria igandean emango diete, hilaren 20an, Amara Berri Ferrerias ikastetxean. Zapiaren banaketa danborradaren ibilbidearen hasieran egingo dute, 19:15ean. Ekitaldian parte hartuko du Stop Kaleratzeak plataformako Rosa Garcia auzotarrak, aurtengo Urrezko Danborra irabazi du eta.
Paco Etxeberria auzitegi medikua eta antropologoa izateaz gain, espeleologoa, ikertzailea, EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra, Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria, Espainiako Paleopatologia Elkarteko idazkaria, eta Euskal Kriminologia Institutuko zuzendariordea ere bada. Memoria historikoaren inguruko lanagatik ere ezaguna da Etxeberria.