Mari Karmen Zaratek igoko du Egiako bandera
Aspalditik elkartzen dira Egiako danborradak Plaza Haundin, San Sebastian egunari hasiera eta bukaera emateko, denak elkarrekin. San Sebastian martxa jotzen dute auzokoek, eta Donostiako bandera igo eta jaisten du danborrada bateko ordezkari batek. Gaur egun, helduen bost danborrada dituzte auzoan, eta txandakatu egiten dute ardura, urtez urte.
Aurten, Arrano Elkarteak eta Aitor ikastolako gurasoen danborradaren txanda da bandera igoeran. Bandera jaistearen ardura, berriz, Maria Reina eta Ur-zaleak elkarteek izango dute.
Aitor ikastolako danborradatik, Janire Rodriguez eta Lorea Arrondo izango dira bandera igoko dutenak. Arranoko ordezkari gisa, Mari Karmen Zaratek igoko du bandera, elkarteko lehenengo presidentea izandakoak, hain zuzen. Zehazki, duela 30 urte, 1989an, Zarate bera zen Arranoko presidentea, baina urtarrilaren 19ko gaueko hamabiak iritsi zirenean, ezin izan zuen bandera igo, ez ziotelako utzi.
Gertaera haren ostean, elkartu egin ziren danborradetako ordezkariak, eta halakorik berriro ezin zela gertatu adostu zuten. Horrela, hurrengo urtean bertan, 1990ean, Itsaso Alkorta auzotarrak izan zuen bandera igotzearen ohorea, aurreko urte guztietan gizonek egin zuten papera beteaz. Alkorta izan zen bandera igo zuen lehen emakumea.