Sekulako giroa Antiguan
Antiguan giroa bero-bero dago, eta tarteka bota dituen zaparradek ez dute festa zapuztea lortu.
Egun osoan danbor hotsak dira nagusi Donostia guztian, eta 24 orduz etenik gabe danborrada mordoa dabiltza hirian. Antiguan giroa bero-bero dago, eta tarteka bota dituen zaparradek ez dute festa zapuztea lortu. Gaua luzatu duten parrandazaleak, haur danborradan parte hartuko duten umeek, eta goiz jaikitako auzotarrek, guztiek bat egin dute Antiguan.
Gazte Danborrada, Jakintza ikastola eta Larramendi ikastetxea. Horiek izan dira danborrada goiztiarrenak. Haurrek auzoan jo dute Alderdi Ederreko haur danborradarekin bat egin baino lehen, eta Antiguako Larramendi ikastetxeko Anne Vicente de la Fuentek -haur danborradako danbor nagusiak- zuzendari lanak egin ditu.
Jakintzako gurasoen danborradak eta Gazte Danborradak elkarrekin jo dute Lugaritzen. Ondoren, Istingorrarekin bat egin dute Matia kalean, elizako plazan. Gazte Danborrada utzi behar duten kideak erdian jarri dira, eta San Sebastian martxa jo dute elkarrekin. Ondoren, urtero legez, Mikel Laboa plazako frontoira jaitsi dira eta agurra dantzatu diete. Horien artean, Leire Ferro kazetaria eta auzotarra dago, eta hunkituta bizi du momentua. Ferro, danborradako Danbor Nagusia izan da azken urteetan, eta aurten azken aldiz bete du papera.
IRUTXULOKO HITZAk bertatik bertara jarraitu du auzoko festa. Irudi bilduma batekin eta honako bideoarekin osatu du informazioa.