Itsasoari Begira FederArte Festibala egingo dute urriaren 9an Tabakaleran
Egitasmoarekin Gipuzkoako Txapelketa ere aurkeztuko dute, aurten Zurriolan izan ordez, Zarautzen egingo dena. Gipuzkoako Surf Federazioak sasoi honetako Gipuzkoako surf txapelketa eta jaialdien berri eman du. Eta horien artean Tabakaleran urriaren 9an, ostiralean, egingo den Itsasoari Begira FederArte Festibala iragarri dute.
Jaialdia arratsaldeko 16:30etatik aurrera izango da, eta surfa, jasangarritasuna, eta kultura uztartuko ditu. Festibala hainbat egitasmo jasangarriren eta hemengo marken aurkezpenarekin abiatuko da. Ondoren. OUTDEH dokumentala proiektatuko dute, Jamaikako gazteen “erretratua” egin, eta euren kezkak eta dilemak jasotzen dituena, batik bat uharteari berari, itsasoari eta jasangarritasunari lotutakoak. Dokumentala amaituta, musika elektronikoak beteko du Tabakalera. DJ OPE LOEBk eta IBAILO arituko dira musika jartzen. Azken hau, federazioak azaldu duenez, DJ izateaz gain itsasontziko patroia ere bada, eta surfarekiko lotura du. Hori dela eta, “itsasoaren ikuspegi berri bat emango du musikaren elektronikoaren ikuspegitik”.
Dokumentala ikusteko sarrerak 3 euroko kostua du; kontzertuek, berriz, 7 eurokoa. Bietarako sarrerak lotura honetan eros daitezke.
Bestalde, egitasmo honekin, Gipuzkoako Txapelketa ere aurkeztuko dute, urriaren 10ean eta 11an Zarautzen egingo dena. Txapelketa hori Zurriolan egin ohi da, baina “Pro Zarautz txapelketa egin ez denez, eta surfa izugarri bultzatzen duen Udal baten aldeko keinu gisa, GSFk herri horretara eramatea erabaki du”, azaldu du Maialen Saez surf federazioko presidenteak.


