Duncan Dhu eta Donostiako Zinemaldia, Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean
Itzurun konpartsa, Alberto Schommer argazkilaria eta Donostiako Musika Hamabostaldia ere aurkeztu dituzte hautagai gisa.
Azken aste hauetan Urrezko Danborra eskuratzeko hautagai gisa aurkeztu dituzten pertsonen izenak iragarri dira zenbait hedabidetan. Guztira 16 omen dira hautagaiak. Donostiaren alde egindako lana eta hiriaren izena munduan barrena zabaldu izana saritzen du Urrezko Danborrak, eta San Sebastian egunean ematen da.
Donostiako Zinemaldia, Alberto Iglesias zinemagilea, Musika Hamabostaldia, Alberto Schommer argazkilaria, Golden Apple Quartet taldea, Madrilgo Jai Alai jatetxea, Javier Aizpurua zientzialaria eta Aquariumeko presidente Vicente Zaragueta dira hautagaietako batzuk. Euskal Herriko Gazte Orkestrako zuzendari Juan Jose Ocon, Duncan Dhu taldea, Elikagaien Bankua, Maddalen Iriarte kazetaria, Itzurun konpartsa eta Dario Garrido Urdampilleta argazkilari donostiarra ere sartu dira zenbait hedabidek iragarritako hautagaien zerrendan.
Robert S. Winter estatubatuarra ere dago hautagaien artean. Aldi baterako irakasle gisa etorri zen EHUra, eta danborradarekin maitemindu egin zen. 1999. urtetik, ez du huts egin danborradan, urtero etortzen baita Donostiara. Harridura sortu duen hautagaia Justin Bieber izan da; zale gazte batek proposatu omen du.
Udalak plazaratu du Donostia Turismok hurrengo asteazkenean (abenduak 18) iragarriko duela nork jasoko duen Urrezko Danborra. Donostiako Udaleko batzarrak berretsi behar du Donostia Turismok hartutako erabakia. Urteko azken saioan izango da hori, abenduaren 19an.