Gazteei baliabideak eskaintzeko asmoa du Sustapenak, "talentua etxean geratzeko" erronkarekin. Auzoetan eragin nahi du, eta ekintzailetza eta berrikuntza bultzatu.
Donostia Up! programaren aurkezpena, udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Langabezia tasak behera egin du, eta Barne Produktu Gordina haziz doa. Donostiako ekonomia suspertzen ari denaren zantzuak direla adierazi du Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, eta egoera berriaren neurrira egin dute 2016rako garapen ekonomikorako plana.
Aste honetan bertan egin dute, hain zuzen ere,
Donostia Up! plan berriaren aurkezpena. Izen berria izan arren, Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “aurretik egindako lanaren jarraipen bat” izango da.
Guztira
7.842.176 milioi euroko aurrekontua izango du plan berriak, eta erakundeen arteko elkarlanaren bitartez osatu dute. Hala, Donostiako Udalak 4.528.772 euroko ekarpena egingo du; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 300.000 euro; Eusko Jaurlaritzak, 1.782.485 euro; eta Europako Batasunak, 1.030.917 euro.
Gazteak, enpresak, auzoak
Hiru ardatz nagusi izango ditu Donostia Up! programak: gazteak, enpresak eta auzoak.
Gazteei dagokienez, talentu berriei baliabideak eskaintzea da helburua, kanpora lan bila joan beharrik izan ez dezaten. Eta nazioartekotze bekak ere mantenduko dituzte, atzerrian ikasi edo esperientzia har dezaten; baina Goiak azaldu duen moduan, “talentua etxean geratzeko”.
Gazte enplegurako planak ere jarriko dituzte abian, merkataritza, ostalaritza edo turismo alorretan lan egiteko aukerak sortzeko.
Enpresei dagokienez, erakunde publiko eta enpresa pribatuen arteko elkarlanak osatu du garapen programa,
70 eragiletik gora elkartuz. Berrikuntza, nazioartekotzea eta ekintzailetza dira sustatuko direnak.
Horretarako, Ekin programa berritua, bono teknologikoak, eta merkataritza nahiz ostalaritza sustatzera bideratutako politikak eskainiko dituzte oraingoan ere.
Auzoak ere ardatz izango dira. Hiriko auzoen arteko ezberdintasun ekonomikoa orekatu nahi du Sustapen sailak, eta horregatik ahalegin berezia egingo du auzo txiroenetan.
Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan merkataritza, saltokien okupazioa eta gazteen enplegua bultzatzeko programak jarriko dituzte abian. Eta Smart Kalea proiektua ere jarriko dute abian, hau da, energia kontsumo adimentsua garatzeko proiektua.
Egian, suspertze plan berezi bat jarriko dute abian bertako eragileekin batera. Alokairurako laguntzak eskaintzea eta merkataritza sustapenerako kanpainak egitea aurreikusi dute.
Txomin Enea, Loiola eta Martutenen, Replicate izango da proiektu nagusia. Europako Batasunetik 11 milioi euro bideratuko dituzte etxebizitzen birgaitze energetikorako. Mugikortasun elektrikoa ere sustatuko dute auzo hauetan, ibilgailu elektrikoak eta hauek kargatzeko guneak jarriz.
Amaran, Antso Jakitunaren hiribidea berriro urbanizatuko dute. Alokairurako laguntzak eskainiko dituzte, eta merkataritza sustapenerako kanpainak ere egingo dituzte.
1.002 lanpostu, iaz
Egitasmo zehatz hauez gain, Donostia Up! programak kluster ezberdinei eutsiko die, sektorekako programak garatuz. Datorren astetik aurrera, laguntza programa eta proiektu bakoitzaren inguruko informazio zehatza eskainiko dute
Sustapen sailaren webgunean.
Laguntza programa hauek lanpostu berriak, baina batez ere «lanpostu duinak eta iraunkorrak» sortzen laguntzeko balio dutela nabarmendu du Gascok.
2015eko datuei begiratuta, 311 enpresa sortu ziren Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez; 1.002 lanpostu.
Lanbideren Antiguako egoitza. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Auzo guztietan egin du behera langabe kopuruak
Langabeziaren urteko lehen hiruhilekoko datuak argitaratu zituen Irutxuloko Hitzak, joan den asteko astekarian. Hain zuzen ere, Donostian 9.926 langabe daude, Lanbideren zerrendetan oinarritutako Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiaren arabera, martxoaren 31ko data ardatz hartuta.
Bada, udalak auzoz auzoko zenbakiak jakinarazi ditu; kasu honetan, 2015. urteko abenduaren 31 oinarri hartuta. Hala, datuek diote auzo guztietan langabe kopuruak behera egin duela urtebetean, aurreko urtearekin alderatuta. Jaitsiera nabarmenenak Grosen (%15,1 gutxiago), Ategorrieta-Ulian (%14,4), Aieten (%14,2) eta Martutenen (%13,3) eman dira.
Ehunekoekin jarraituz, langabe kopuru gehien duen eremua Altzak jarraitzen du izaten (1.424 langabe, %14,9). Intxaurrondo dago zorigaiztoko zerrenda honen bigarren postuan (1.120, %14), eta, ondoren, Mirakruz-Bidebieta dator (552, %13,9). Hauek dira gainontzeko auzoen zenbakiak: Egia (851, %12,7), Loiola (272, %11,7), Ategorrieta-Ulia (205, %11,1), Martutene (143, %10,9), Amara Berri (1.460, %10,8), Miramon-Zorroaga (89, %10,5), Gros (838, %10), Erdialdea (932, %9,7), Antigua (605, %9,1), Igeldo (45, %9,1), Añorga (90, %9), Ibaeta (426, %9) eta Aiete (614, %8,9).