Tomas Gros arkitektoari zor dio izena auzoak. XIX. mendean sortu zen, Urumea ibaiaren eskuinaldean zeuden hondar dunak eraikitzeko moldatzen hasi zirenean. Denboran atzera egin dugu, Grosek ezkutatzen duen historiaren berri emateko.
Donostiaren ekialdeko auzoa da Gros, Urumearen eskuinaldean dagoena. Auzo dinamikoa da, surfarekin lotura zuzena duena, eta, azken urteetan, merkataritzak indar handia hartu du bertan. Auzoaren historiaren bitxikeriak jakin nahi dituzu? Segi irakurtzen!
JAIOTZA
XIX. mendean jaio zen Gros, hareatzetan lanean hasi zirenean, eraikitzeko. Zehazki, 1894an egin zuten Gogorzaren plana, Urumearen eskuinaldean, Tomas Gros arkitektoaren zabaltzearekin, eta hortik datorkio izena auzoari.
LOUIT TXOKOLATEA
Louit enpresak egoitza izan zuen Grosen. 1825ean, Frantzia utzi eta Donostiara joan ziren Louit anaiak, etxeko negozioarekin jarraitzeko asmoz. Txokolatea egiten eman zituen enpresak lehen pausoak, eta aurrerago, 1927an, iritsi ziren ozpina eta saltsak. Dirudienez, inguru guztiak hartzen zuen txokolate usaina.
KURSAAL
Kursaal jauregia Rafael Moneo Tuterako arkitektoak diseinatu zuen. Lau urteko lanen ostean, 1999an inauguratu zuten. Leku berean, aurretik bazen beste eraikin bat, eta hortik datorkio izena oraingo eraikinari: Kursaal kasinoa. 1921ean inauguratu zuten, eta 1922an jokoa debekatu zutenean, beste jarduera batzuetara bideratu zuten: antzerkia, zinema…
OKENDO KULTUR ETXEA
Baserri bat zen gaur egungo kultur etxearen eraikina, Okendo baserria. Miguel Okendo Segurak agindu zuen eraikitzeko, XVI. mendearen bukaeran. Itsasgizona zen Miguel Okendo; 1534an jaio zen Donostian, eta itsasoan hil zen, 1588an. Baserri hartan bizi izan zen Antonio Okendo itsasgizon eta militarra.; Miguelen semea zen eta Espainiako Errege Armadako almirante jenerala izan zen. Haren omenezko estatua bat dago Okendo plazan, Maria Kristina hotelaren eta Viktoria Eugenia Antzokiaren artean.
HONDARTZA
Zurriola baino lehen, Grosek bazuen bere hondartza: Groseko hondartza. Nahiko txikia, zikina, eta itsusia oroituko dute auzotarrek. 1994an hobekuntza obrak egin zituzten: luzatu egin zuten, ura bertan bainatzeko garbitu zuten, eta bere erabilerak nabarmen gora egin zuen.
Zurriolak 800 metroko luzera du, gutxi gorabehera, eta surfisten leku gogokoa da. Gainera, 2004tik, nudismoa praktikatzeko aukera dago.
MERKATU ZAHARRA
Egungo Nafarroa Behera plazan zegoen Groseko merkatu zaharra. Art Deco estiloko eraikina zen; 1923an ireki zuten, eta 1997an bota zuten. Egun, Groseko merkatuak ez du eraikin propiorik, Nafarroa Behera plazako etxebizitzen eraikin batean dago..
SAN IGNAZIO ELIZA
Agueda Grosek doan eman zituen bere lurrak, bertan eraiki ahal izateko San Ignazio eliza. Tomas Grosek jarri zuen beharrezkoa zen harria eraikuntzarako. Jose Goikoak diseinatu zuen eliza, orduan modan zegoen estilo neogotikoan, eta 1888an hasi zituzten obrak. 1897an ireki zituen ateak parrokiak, baina dorrea ez zuten bukatu 1928 arte.