Ur-Kirolakek Loiolako egoitza kudeatzen jarraituko du
Ur-Kirolakek Loiolako egoitza kudeatzen jarraituko du, gutxienez, datozen 10 urteetan. Hala erabaki zuen Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, aurreko asteazkenean. Irutxuloko Hitzak Iñaki Arana klubeko presidentearekin hitz egin du, gai horren inguruan. «Egoitza autobidearen azpian dagoenez, ezin digute denbora gehiagorako baimena eman, beraz, 10 urtero eskaera egin behar dugu. Klubak lanean eta jendearekin jarraitzen duen bitartean, ez dut uste arazorik egongo denik», argitu du Aranak. Loiolakoaz gain, beste bi egoitza ditu Urkik hirian: Parte Zaharreko elkartea eta Kaiko sotoa. Loiolakoa da klubaren gune garrantzitsuena. Bertan dago mugimendu handiena, han baitaude ontzi gehienak, gimnasioa, baita elkartea ere. Hala ere, Parte Zaharreko elkarte gastronomikoa oso maitea dute bazkideek.