Rafa Iglesias: "Nire garaipenik landuena, politena eta gehien bete nauenetakoa izan da"
Behobiatik Donostiarako bidean, zaparrada eta haize boladei aurre egiten onena dela erakutsi zuen berriro ere Rafa Iglesiasek. Bere blogean adierazi duenez, ezin gusturago oheratu zen igande gauean, Behobia-Donostia bigarren aldiz jarraian irabazi ostean: “Nire garaipenik landuena, politena eta gehien bete nauena izan da”. Hala ere, oraindik gehiago lortzeko gogoz dago. “Prestakuntza garaiaren goia joko nuke, azaroaren 28an eszenatoki berean jokatuko den maratoian marka pertsonala hautsiko banu”, adierazi du Iglesiasek. Bestetik, zoritxarrez lasterketan hildako Cesar Elordui bizkaitarraz ere oroitu da Iglesias: “Nire doluminik biziena eman nahi diot bere sendiari, guztiz albiste tamalgarria da lasterketan parte hartu genuen guztiontzat, beltzez jantzita bukatu baita”.
Lehen emakumea, donostiarra
Iaz gertatu bezala, inor gutxi kikildu zuen eguraldi txarrak eta Behobia-Donostiarako izena eman zuten 20.481 korrikalarietatik 17.437 izan ziren irteeran. Gainera, ia guztiek gurutzatu zuten Bulebarreko helmuga, 17.373k, hain zuzen ere. Rafael Iglesiasen atzetik, Chema Martinez iritsi zen eta horiek eta gero, Gontzal Sanz arabarra. Emakumezkoetan, berriz, donostiar bat izan zen azkarrena, Maria Lopez de Tejada (1:15:10). Etxekoekin jarraituz, 2.103 atleta donostiarrek parte hartu zuten eta horietako 1.199 senior kategorian lehiatu ziren: 1.023 gizonezkoak eta 176 emakumezkoak.
Gizonezkoen sailkapena:
- Rafa Iglesias, 1:01:11
- Chema Martinez, 1:02:01
- Gontzal Sanz, 1:03:14
- Maria Lopez de Tejada (Donostia), 1:15:10
- Pilar Fernandez, 1:17:15
- Meritxell Bonet, 1:18:15
- Willi Couderec, 1:00:39
- Olivier Lambert, 1:10:54
- Oscar Sanchez, 1:16:25
- Iñigo Vidondo, 49:31
- Alberto Aleman, 49:33
- Eider Insausti, 50:55