Aperribay: "Ez dago polemikarik, baina proposatutako akordioa ez da onuragarria Realarentzat"
Lehen Mailan lehiatzen diren taldeak negoziaketetan dabiltza egunotan, telebista eskubideak direla eta. Hori bai, 2014-2015 denboraldira arteko eskubide guztiak salduak daude eta momentu honetan pil-pilean dagoena, 2015-2016 denboraldia da. Jokin Aperribay Realeko presidenteak prentsaurrekoa eman du Anoetan, negoziaketaren nondik norakoa, Realaren jarrera eta etorkizuna nola ikusten duen azaltzeko. Egunotan prentsak kontrakoa aipatu duen arren, Aperribayk zera esan du: “Ez dago polemikarik, baina proposatutako akordioa ez da onuragarria Realarentzat”.
Aperribayren esanetan, ez daude talde “gaiztoak” eta “onak”, baina batzuk gustura geratu dira proposamenarekin eta beste batzuk ez. Realaren antzeko egoeran beste bost talde daudela jakinarazi du presidenteak, tartean Athletic, eta euren asmoa indarrak batzea da. “2015ari buruz hitz egiteko goiz da oraindik eta denborarekin gure baldintzak hobetu ditzakegula uste dugu”, aipatu du Aperribayk. Kontuak kontu, klub guztiek bihar kontratua sinatzeko asmoa zuten arren, ez Realak ez beste bost klubek ez dute sinatuko. Negoziaketekin jarraituko dute, Realak etorkizunean telebistaren kontura diru-sarrera handiagoak jaso ditzan.