Ostegun arratsaldeetarako hitzordua jarri dute añorgatarrek
Añorgan ez daude geldik egoteko moduan eta oraingoan, ostegun arratsaldeak berpizteko ekimena otu zaio Añorga Kultur eta Kirol Elkarteari. Mikrofono Irekia izeneko ekimenaren bidez, ikuskizunak egin nahi dituzte ostegunero, 19:30etik aurrera, Jolas Etxean. Horretarako auzotarrei deia egin die auzoko elkarteak bere
webgunearen bidez.
Hala azaldu dute zer den Mikrofono Irekia:
“Nahi duenak nahi duena abestu edo jotzeko aukera librea izango du. Horretarako bateria bat, bizpahiru anplifikadore eta hainbat mikrofono egongo dira, beraz, etxetik instrumentua ekarri eta jotzeko aukera izango duzue. Abestu edo jotzeko gogorik ez duenak ikusi eta entzuteko aukera ere izango du”. Deia egina dago, orain auzotarren kemena baino ez da falta ikuskizunari hasiera emateko.