Adio, Plasentziako Kondeari
EAk Londres Hotelaren ondoan dagoen kalearen izena aldatzeko eskaera martxoan egin zuen jada. Alderdi abertzaleko ordezkari Ricardo Burutaranek adierazi zuen Francoren diktadura bultzatu zutenen aipamenak ezabatzea lehentasuna izan behar zuela hirian.
Plasentziako Kondea, Jose Arrospide Alvarez, Emilio Mola jeneralaren laguntzailea izan zen tropa frankistak 1936ko irailaren 13an Donostian sartu zirenean. Diruzaintza arloan ardura izan zuen, Kontxa pasealekuan zuen etxean Francoren aldekoen borrokarako dirua gordeta baitzuen. Honengatik guztiagatik, erregimenaren alde egindako lana eskertzeko helburuarekin, kale bati Plasentziako Kondea izena jarri zioten hirian.
Izendapen hau Jose Luis Landaiz de la Quintana zinegotzi monarkikoak proposatu zuen udalbatzan 1938an, Candida Calvo Vicentek Socializacion y Espacio Urbano: El callejero de San Sebastian durante el Franquismo lanean jakinarazitakoaren arabera. Errepublikarrek hil zuten Arrospide eta Landaiz de la Quintanak omenaldi gisa kale bat eskaintzea jarri zuen mahai gainean, «Espainiaren etsaiei dirua eman ordez, erailda amaitzea nahiago izan zuelako».
Garai hartan kale izendegia hizpide izan zuten. Frankistek hiria hartu bezain pronto, zenbait herritarrek aldatu zituzten errotuluak. Hernani kalea, esaterako, Imperial de Toledo bezala bataiatu zuten; Askatasunaren hiribidea, berriz, Franco Jeneralaren hiribide gisa. Orduko alkate Jose Mugicak, ordea, espontaneoki egindako ekimen horiekin amaitzeko eskatu zien donostiarrei.
Hortik aurrera, proposamen ugari egin zituzten Francoren aldekoek. Valenzuelako markesak, prentsara bidalitako gutun batean, Prim kalea Iturrino anaiei eskaintzea proposatu zuen, «bertan aberriaren martiri heroikoak» bizi izan zirelako. La Voz de España egunkariak, aldiz, Francisco Gascue kalea aldatu eta Victor Pradera izena jartzeko eskatu zion alkateari.
Azkenean, bai iturrinotarrek eta bai Praderak ere, euren kalea izan zuten Donostian. Hain zuzen ere, egungo Arrasate kaleak Hermanos Iturrino izena eraman zuen, anaia falangisten heriotzagatik; eta Easo kalea Victor Pradera bezala bataiatu zuten, Alderdi Katoliko Tradizionalistaren sortzailearen omenez, bera eta bere semea hil baitzituzten 1936ko gerran.
Aurrera egin ez zuten proposamenak ere egon ziren. Gipuzkoako falangisten elkarteak, adibidez, Italiak Francoren gobernuari emandako babesa zela-eta, Benito Mussoliniri hiribide bat eskaintzea beharrezkoa zela nabarmendu zuten Unidad egunkarian argitaratutako idatzi baten bitartez.
Proposamenak proposamen, kale izendegia goitik behera aldatzen hasi ziren 1937ko ekainetik aurrera; alde batetik, errepublikarren aldeko erreferentziak ezabatzeko helburuarekin; eta bestaldetik, Francoren alde borrokatu zutenei eta erregimenari gorazarre egiteko. Honela gauzak, Askatasunaren hiribidea España hiribidea bilakatu zuten; Ategorrietako pasealekua, Mola Jeneralaren hiribidea; eta Apirilaren 14ko hiribidea, Franco Jeneralaren hiribidea, besteak beste.
Plasentziako Kondearen kalea frankisten azken aztarnetako bat da, baina ez azkena. Kaleak ez ezik, Francoren aldekoek ere oroigarriak altxatu zituzten diktadura garaian; horietako bat, oraindik orain, zutik dirau.
Hain zuzen ere, Urgulleko Jesusen Bihotza «gudan eroritakoak eta martiriak» omentzeko eraiki zuten; Errepublikaren aurkako borrokan hildakoak, hain zuzen ere. Oroigarri honek 60 urte bete ditu aurten, 1950eko azaroaren 19an inauguratu baitzuten. Agintari zibil, militar eta erlijiosoak hurbildu ziren ekitaldira, baita hainbat eta hainbat donostiar ere. Eguerdian, Donostiako Elizbarrutiko Jaime Font Andreuk 12,5 metro eta 2.300 tonako monumentua bedeinkatu zuen.
Jesusen Bihotza egiteko lehiaketa irabazi zuen arkitektoak, Pedro Muguruzak, beste lan ezagun batzuk egin zituen garai hartan; ezagunena, zalantzarik gabe, San Lorenzo de El Escorialen dagoen El Valle de los Caidos haraneko monumentua. Guadarramako mendilerroko oroigarria egiteko agindua Francok eman zuen, 1936ko gerran bere alde egin eta bizia galdu zutenen omenez.