«Ez baduzu nahi turismoa haztea Donostian, munduko bigarren kirol ekitaldi handiena antolatzea ez da zentzuzkoa»
Inoiz ez da berandu gaiari heltzeko. Horregatik, Asier Basurto donostiarrak turismoa pentsatzeko liburua argitaratu berri du 'Argia'-rekin: 'Turismoa, desazkundera bidaia'. «Liburu hau gaira hurbiltzen hasteko liburu bat da, euskaraz ez zegoelako horrelakorik. Ez da adituentzako», dio Basurtok. Bizilagunekin plataforman urteak daramatza eta badaki zertaz ari den: «Tresna bat izan nahi du eztabaidarako». Eta antolatzeko.
Argipenak egiten hasten da liburua: «Hau ez da turismoaren kontrako liburu bat».
Turismoari buruzko liburu bat da. Argipen horiek jartzea da badakigulako gaiak aurrez uxatu dezakeela. Gai arantzatsu bat arakatzen du, bai gure hiriak eta lurraldeak bizitzeko momentuan, eta baita ere norberaren jokabide indibidualei dagokionean. Ez genuke nahi inor beldurtzea izenburuarekin, irakurtzen hasi baino lehen.
Herritar askok sentitzen dute 2016tik aurrera aldatu zela egoera.
Urte horietan, turistifikazioaren azkartze bat etorri zen, Europa hegoaldean, bereziki: Donostiak Kultur Hiriburutzaren faktorea du, Euskal Herriak borroka armatuaren amaierarena, eta munduan, 2008ko krisi ekonomikoaren osteko kapitalaren birkokapen bat dago.
Ekonomiaren birformulatze horretan, teknologia berriek ere ahalbidetu duten aldaketa da.
Lehen ezagutzen genuena zen bidaia agentzien turismoa, hegaldi garestiak zituena. Digitalizazioarekin, turismoa merkatu global bakarra bihurtu zen eta horrek inbertsioen eta kapital metaketen ikuspegi globala ekarri zuen. Donostian gertatu dena da mundu mailan arreta deitzea lortu dutela turismoa erakarri nahi zutenek.
Hor marka hiriaren auzia legoke, eta hiriaren irudia «saldu izana».
2016an, herritarroi kultur programazio bat eta kultur eraldaketa bat aurkezten eta kontatzen zitzaigun bitartean, beste azpiko maila batean lantzen ari zen promozio turistikorako sekulako lanketa; nazioarteko hedabide eta turismo azoken bidez, azpiegituren lanketarekin eta abar. Europako Kultur Hiriburutza ez zen europarrak hona etortzeko, baizik eta Europatik kanpokoak, Europa bisitatzean, Donostiara etortzeko. Donostian gertatu den aldaketaren gakoetako bat da turista profila aldatzea: lehen, 500-800 km-ra zeudenek bisitatzen gintuzten –aspaldidanik gara hiri turistikoa– eta, bat-batean, beste kontinenteetakoak datoz: estatubatuarrak, australiarrak, japoniarrak… Tokiko biztanleen errenta mailarekin kristoren arrakala sortzea ekarri du, eta guztiz desorekatzea merkatu guztiak: etxebizitzarena lehenengo, baina merkataritza, ostalaritza eta beste hainbeste ondoren.
Turismoa arazo moral gisa saltzen duten arren, espazioaren arazo bat da: turistak behar ditu etxebizitzak, lokalak, plazak…
Eremu bakoitzak turismoaren erabilera esklusiborako bihurtzen hasten dira; zonalde batzuei funtzio turistikoa ematen zaielako. Hasieran da pasealeku bat eta plaza handi bat, eta gero, bat-batean, da auzo bat, eta, bat-batean, lau auzo, eta, bat-batean, jende pila bat bere hiritik kanporatua. Bera jaio eta hezi den auzoa ez da bizitzeko auzo bat, baizik eta bisitatzeko auzo bat, aisialdirako auzo bat, kontsumitzeko auzo bat. Parte Zaharrean gertatu zen lehenengo, eta gero Grosen, Erdialdean, Antiguan… Zabaltzen doan mantxa bat da.
Etxebizitzarena nabarmena da. Lokaletan eta merkataritzan ere: are, frankiziak ere azkar ari direla ixten.
Seguruena, ixten ari zirenak ziren familia ereduan edo bizi proiektutan oinarritutako enpresa txikiak. Eta gaur egun, berriz, da norbait Monopoly-ra jolasten: aldi berean irekitzen ari dena Donostian denda bat, Valentzian beste bi, Madrilen beste hiru… Ireki dituen sei horietatik bi itxiko ditu, berriro beste nonbait irekitzeko. Lehengokoaren kontrakoa da: lehen, auzoan taberna bat zuenak, auzoa zaintzen zuen, auzoak bera zaintzen zuelako. Komunitate baten parte zen. Turistifikatutako denda baten jabea, agian, ez da hiritik etortzen ere.
Mundu mailako moden araberakoak dira, gainera: eguzkitako betaurrekoak, plastikozko ahatetxoak eta, denontzako barregarria izan zena: turroien denda erraldoiak. Udaran turroia? Argi dago ez dela tokiko beharretatik abiatuta.
Donostia marka bihurtzearekin batera, kapitalari hemen inbertitzeko gonbidapena egin zaio. Hori da turismoaren definizioetako bat?
Lotura handia du, batez ere 2008ko krisiaren ondoren. Etxebizitzaren finantziarizazioa eman zen, bertan bizitzeko inongo asmorik ez zuten kapital handiak sartu ziren, inbertsio gisa. Urrunetik egin zen, digitalki mugitzen den diru mota, eta diru hori hazaraziko duen edozer ona da haientzako. Donostiako etxebizitzan dirua sartuta duten inbertsio funtsek edo pertsonek begi onez ikusiko dute Donostian antolatzea edozein jaialdi, txapelketa edo prezioak igoko dituen beste edozer. Guk, herritarrok, kontrakoa egin beharko genuke.
«Donostiako aberatsek ezin dute lehiatu mundu osoko aberatsekin.
Ondo ateratzen ari zaien jokaldia beraien kontra atera daiteke laster»
Herritar batzuei ere interesatzen zaie.
Epe motzera bai, baina epe ertainera ez. Turistifikazio prozesuetan, lehenengo momentuetan, tokiko kapitalak eta burgesiak parte hartzen du, baina, arrakastak jarraitzen badu, epe luzera indar globalak nagusitu egiten dira. Ateratzen den guztia kanpora doa. Donostiako aberatsek ere ezin dute lehiatu mundu osoko aberatsekin. Orain ondo ateratzen ari zaien jokaldia beraien kontra atera daiteke laster.
Insaustik dio ekintza berriak egingo dituela, baina hamar urte hauetan ere aritu da udal gobernuan. Nola baloratzen dituzu udalaren neurriak?
Hamar urtetik hona, diskurtsoetan izan da aldaketa bat. Eneko Goia ezagutu genuen –Jon Insaustirekin–, kanpainan, «Turismoa» jartzen zuen surf taula bati helduta. Eta, orain, berriz, hiriko iritzi publiko nagusira hurbiltzen saiatzen ari dira: turismoa gehiago haztea ez zaigula komeni. Hori esaten ari dira, baina ez dago neurri eraginkorrik; neurri kosmetiko asko, besterik ez. Hotel lizentziak eta pisu turistikoak geldiaraztea bai dira neurri garrantzitsuak. Hori bai, hamar urtean 50 hoteli baimena eman ostean, hori ez zela ondo egon aitortzea beharrezkoa da, eta gutxitzeko proposamen bat egitea. Eta pisu turistikoekin, progresiboki, zero etxe turistikorako prozesu bat proposatzea, hemen etxebizitza krisi larri bat bizi dugun bitartean, behintzat.
Alkateak askotan erabiltzen duen argudioa da hau ez dela Venezia, hemen oraindik badagoela bizitzerik.
Lurralde eta hiri asko sartzen ari diren lehian –eta Donostia oso ondo kokatua dago– da «kalitatezko turismoa» deitzen dutena: alegia, elitizazioa. Turista gutxiago, baina errenta altuagokoak. Hiriaren BPGari ekarpen berdina egingo diote, kalean gorputz gutxiago jarrita. Hain zuzen ere, hori da Donostian gertatzen ari dena azken urtetik hona.
Liburuaren atal batean, definizioak egiten ditut: turismo masiboa, masifikazioa, turistifikazioa… Turistifikazioa da hiriko auzi guztiak turismoaren baitan pentsatzea; kultur eskaintza, espazio publikoa, eredu ekonomikoa edo beste edozer. Turista gutxiago etorri arren, merkatu horretan arrakasta edukitzeko ari gara diseinatzen hiria. Eta, gainera, askoz kaltegarriagoa izan daiteke eliteko turismoa, bertako populaziotik urrunago baitago. Etxebizitza erosteko orduan edo ohiko gastuei dagokionean, ezin dugu lehiatu. Zeharkako kanporatze efektu bat du elitizazioak.
Trantsizio politiko bat eskatzen duzu liburuan: «Nork gidatuko bolantea?».
Trantsiziorako zero puntua –eta hor gaude– da debate ireki bat, datuetan oinarrituta, zientifikoa eta garbia. Ez merkatu interesek baldintzatua, ez eta dogma batzuetan itxitakoa: «Turismoa ona da, dirua ekartzen dute»… Gero, hiru ardatz planteatzen ditugu Bizilagunekinen, Ernest Cañada adituak proposatzen dituen berak: Lehenik, turistifikazioa gelditu. Hazteko joera amaigabea du sektoreak, eta mugak jarri behar zaizkio, legeen bidez eta neurri politikoen bidez. Erraztu behar da enpresa eta langileak beste sektoretara mugitzea. Bigarrena da sektorea bera berrasmatu behar dela nazioarteko kapitala kontrolatzeko, lan baldintzak duintzeko –sektorean lan eginda, Donostian bizitzea pentsaezina da egun, baina gutxieneko bat izan beharko litzateke–. Hirugarrena da opor eredu berri bat pentsatu behar dugula. Ez naiz ari soilik gutako bakoitzak kontsumitzaile gisa zigilu berdea daukan hotelera joatea eta hegazkinaren ordez trena hartzea –hori ere bai, baina ez hori soilik–: denon artean pentsatu behar dugu opor eredu berri bat.
Nondik nora?
Esaten dute «denak gara turistak», baina gizartearen heren batek ezin ditu astebeteko oporrak ordaindu. Birpentsatu behar da atsedena denok izan dezagun, toki eta kultura berriak ezagutzea beste modu batera planteatu, lotura organikoa dugun lekuetara mugitzeko aukerak aztertu… Pentsatu beharra dago, lurraldeen kontsumo bulimiko batean bizi garelako. Gutxiago bidaiatu behar dugu eta hobeto, bidaiak esanahidunak izan daitezen. Bidaia hutsalek, esanahi gabeek, ez digute ezertarako balio: azkar irentsi eta botaka egitea bezala da. Sare sozialek asko elikatu duten antsietate sozial bat da. Inbidiaren mekanismo handi bat duena. Ahalik eta gehien, ahalik eta mapan X gehiago egin: Pisako dorrean argazkia, Eiffel dorrean argazkia… Kutsatu egiten da sozialki eta hori eten egin behar dugu. Edozeinekin topatu, eta «nora joan zarete, nora joango zarete» galderarekin hasten dira udako elkarrizketak. Derrigorrezkoa al da?
«Ezin da bidaiatzea deabrutu» esaten duzu liburuan, eta agintariek askotan errepikatzen dute «guk ere bidaiatu nahi dugu».
Erruaren mekanismo desaktibatzailea aktibatu nahi dute. Guk, herritar gisa pentsatzen badugu, donostiarron bizi baldintzak, hiria, eta bizilagunen ongizatea defenditu behar ditugu. Eta desazkunde turistikorako eztabaida egin behar da, baina antolakuntza eta aktibazio herritarra da behar duguna. Zalantzarik gabe. Auzo, kirol eta kultur elkarteek badaukate zer esana gai honetan.
Ipar Euskal Herriko konpentsazio neurriak aipatzen dituzu adibide. Ze neurri ausart behar dira?
Ipar Euskal Herrian, pisu turistiko bat irekitzeko, beste pisu bat eskaini behar zaio ohiko bizilekuaren merkatuari. Horrek ez du esan nahi bi erosi eta bat eta bat jarri. Merkatuan ez zegoen bat sartu behar duzu. Oso zaila da, beraz. Bartzelonan, falta da promesa betetzen dutela ikustea, 2028rako zero pisu turistiko izatea. Nik horrelako zerbaitetan sinistuko nuke, gai horretan.
«Esaten dute ‘denak gara turistak’,
baina gizartearen heren batek ezin ditu
astebeteko oporrak ordaindu»
Euskararen gaia aipatzen duzu bigarren buelta bat ematen, «lurraldearen autentikotasuna» saltzen dela diozu. Euskaldunak galdu eta euskara saldu!
Hori Lapurdiko kostaldean egunero ikusten dugu. Dena zuri, gorri eta berde, dena lauburua, denak du euskarazko izena, baina euskaraz bizi den pertsonarik ez dugu ikusten. Hor begiratu behar dugu nora ez dugun joan behar.
«Sutara egur gehiago ez», diozu.
Azkar egin daitekeen zerbait da promozio turistikoa etetea. Ez dakigu zenbat diru gastatzen den horretan, zeharka egiten den gauza bat delako. Hemengo kultur eskaintza –donostiarrok neurri batean gozatzen duguna– bidaiak betetzeko aitzakia ere badira. Fitur eta gisako azokena izugarria da: Donostiako, Gipuzkoako eta Euskadiko agintariak doaz, sekulako inbertsioa eginez, artista hoberenak eramanez… Ezkutuan geratzen den beste bat da kazetariekin egiten den lana. Dozenaka kazetariri ordaintzen zaizkie bidaiak, «ezeren truke». Kasualitatez, Donostiari edo Euskadiri buruz artikulu politak idazten dituzte ostean. Batzuk talde bidaiak dira, eta bidaia berean egiten dute Donostia-Guggenheim-Arabako Errioxa.
Munduko Futbol Txapelketarena da begi-bistakoena. Ez baduzu nahi turismoa haztea Donostian, munduko bigarren kirol ekitaldi handiena antolatzea ez da zentzuzkoa. Hori ez da hazkundearen kontrako neurri bat. Europako Kultur Hiriburuak zerbait eragin zuela iruditzen bazaigu, nik uste dut Munduko Futbol Txapelketarena askoz okerragoa izan daitekeela.
Goiak «ezezkoaren kluba» deitu zien kontra jarri zirenei.
Esperantzarako zirrikituak ikusten ditut, herritarren kontzientzia hartzea oso handia izan baita azken hamarkadan. Kontzientzia hartze horri esker mugiarazi ditugu politikariak. Neurri kosmetikoetara agian, baina ikusi dugu hiri ereduaren auzian badugula zer esana eta eragina; baldintzatzen eta donostiarron gehiengoaren ahotsa altxatzen eta interesa defendatzen.
Berandu ote gabiltza Donostian?
Ez nuke esango, inondik inora ere. Bizilagunekin plataforma moduan, hiri askotako taldeekin harremanetan gaude eta horietako batzuk gu baino askoz egoera larriagoan daude: Venezia, Mallorca edo Bartzelona bera. Guk, oraindik, asko dugu salbatzeko. Amore ematearen kontrako mezua zabalduko nuke. Gauzak poliki doaz, baina herritarrok gaitasuna dugu gauzak aldatzeko. Azkeneko zortzi urteetan behintzat, mobilizazio iraunkorra izan da beste hiri eredu baten alde, sekulako eragile bilketa izan da, profil desberdinekoak: eskuindarrak, ezkertiarrak, espainiarrak, euskaldunak… eta nik uste dut hortik jarraitu behar dugula.
«Gorde dezagun energia etekinak
ateratzen ari diren horiek seinalatzeko.
Hori ahazten badugu,
jolas bat bihurtzen da»
Donostiari dagokionez, orain bereziki beldurtzen nauen gauza bat da Abiadura Handiko Trenaren iritsiera. AHTak, oraintxe bertan, ez gaitu konektatuko Europarekin, eta, harrokeria puntu batetik, honetaz hitz egiten dugunean, pentsatzen dugu nora joan ahal izango garen gu. Baina gutxi pentsatzen dugu nor etorriko den. Donostia oso gertu egongo da Madrildik, eta bertara etorriko dira asteburu pasa; izan hotel batera, izan bigarren etxera. Epe motzera dugun sekulako mehatxua izan daiteke.
Liburuan ukitzen ez den gai bat da hiri barruko desoreka. Parte Zaharrean eta Altzan eragina oso desberdina da.
Turistifikazioaren ondorioak jasateko ez da beharrezkoa turistak ikustea ere. Ondorioa da hiri eredu horrek, bai urbanistikoki, bai azpiegitura aldetik, bai eredu ekonomiko gisa, nola eraldatzen duen guztia. Turismoaren menpeko diren hoteletan eta saltoki handietan lan egiten ari den jendea bizi da Donostia kanpoko auzoetan edo herrietan. Erabat lotuta dagoen fenomenoa da. Bestalde, kanporatutako milaka donostiarrak badakigu nora doazen: eragina du Astigarragan, Pasaian, Hernanin… Gipuzkoa barnealdean badago oraindik beraiek beste eredu bat sustatu dezaketenaren esperantza bat. Ea liburuak laguntzen duen Euskal Herri osoan kontzientzia hartzen.
Marco Santopadre kazetariak aipatzen zuen harritzen zuela «Donostian zegoen muturreko egoeran» ez planteatzea «boikot edo seinalamendu kanpaina zehatzik».
Turismoaren gehiegiko pisuaz kexatzen hasi ginenean, «turismofobia» etiketa jartzen hasi ziren. Baita ere kriminalizazio kanpainak Ernaiko gazteek konfetia botatzen zutelako, baita ere erridikulizazioa, «ez genuela mundura ireki nahi» eta abar.. Hainbat estrategia jarraitu dituzte eta beti elikatu nahi izan duten markoa da «herritar batzuk turisten kontra». Nik uste dut hortik ihes egin behar dugula. Diru asko irabazten ari dira batzuk, eta horiek dira turismoan dabiltzan langileak esplotatzen ari direnak, turismoarekin espekulazio dinamikak elikatzen dituztenak, eta, seguruena, ez dira egongo cheesecake-a saltzen duen barra baten atzean. Ondo ikusten dut, neurri batean, turistifikazioa ekarri duen hori seinalatzea, turistei hemen gertatzen denaren berri ematea, baina gorde dezagun nahikoa energia hemen hariak mugitzen ari direnak eta etekinak ateratzen ari diren horiek seinalatzeko. Hori ahazten badugu, jolas bat bihurtzen da, eta benetako auzia ahaztu egiten dugu.
Eta badakigu nor diren? Lehen, fabriken jabeak argi zeuden.
Oso zaila da jakitea. Kapital globala da, neurri handi batean. Hotel kateen atzean inbertsio funtsak daude. Ostalaritza hainbat talde handi daude Parte Zaharrean, batez ere. Aktore asko daude. Bartzelonan, turistifikazioaren kontrako mugimenduak Follow The Money izeneko dinamika bat egin zuen, enpresen erregistroan begiratzen eta abar, atzean zein dagoen ondo jakiteko. Agian, Donostian pendiente dugun gai bat da.



