Abel Barriola: "Aurkariak baino gehiago nire jokoak arduratzen nau"
Behin pilotariak eta eszenatokia aukeratuta, materiala baino ez zen falta partidarako guztia prest izateko. Lau t’erdiko Txapelketako finala jokatuko dute Abel Barriolak eta Juan Martinez Irujok Atano III.a pilotalekuan (igandea, 18:00) eta bertan izan dira bi pilotariak gaur goizean, hitzordurako pilotak aukeratzen. Halakoetan gertatzen den moduan, zaleek protagonistak ikusteko aprobetxatu dute eta harmailak bete dituzte. Pilotariek gustuko materiala hautatu ostean, prentsa aretoan hitz egin dute, materialaren eta iristear den finalaren inguruan.
Barriola izan da hitz egiten lehena. “Denbora behar izan dudan arren, nahiko gustura geratu naiz. Lehenengo pilota nahiko azkar aukeratu dut, baina bigarrena kostatu egin zait, pilotak graziarik gabekoak baitziren. Ez dut esan nahi biziak ez zirenik, baina azpitik ibiltzen zena nahi nuen eta ez nuen topatzen”. Juanen pilotak mantsoagoak direla adierazi du Barriolak. “Airez jokatu nahiko du eta botearekin ahalik eta min gutxiena egin diezaiodan saiatuko da. Niri aurkariak baino gehiago nire jokoak arduratzen nau”. Partida zaila izango duela argi dauka Leitzakoak. “Niretzat momentuko pilotari onena da. Nire giltzarria ongi jokatzea izango da eta ongi jokatuta ere zaila izango dut; baina gaizki aritzen banaiz, ziur galduko dudala”. Frontoiaren berezitasunetaz ere mintzatu da. “Urteak pasatu ahala dizdira handiagoa hartzen du lurrak eta horrek esan nahi du defenditzea ez dela batere erraza”.
Irujo, hitz gutxikoa
Nabaria da Iberokoa ez dela kazetari zalea, erantzun motzak eman baititu. Piloten inguruan, “igandean ikusiko dugu” esan zuen eta pilotak hautatzea kostatu zitzaiola galdetzean, berriz, hala erantzun du: “Araututako denboran aritu naiz, 15 minutu daude eta nik 14 erabili ditut”. Edonola ere, jokatzeko gogo biziz dagoela argi utzi zuen: “Ilusioa dut eta ea irabazten dudan. Ahulen dagoenak eta gehien oparitzen duenak galduko du”. Final asko jokatu arren, horrek ez dioela urduritasuna kentzen onartu zuen.