De Juanaren kontra “oinarri sendo eta argirik gabeko beste kausa batzuk” irekitzea erabaki zuen Rubalcabak
Espainiako Gobernuak Washingtongo Estatu idazkaritzari igorritako sekretupeko informazioa zabaldu du Wikileaks-ek. Informazio horren arabera, Iñaki de Juana Chaos 2005ean askatzea hobe izango zela aitortu zion Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak Eduardo Agirreri, AEBek Espainian zuten enbaxadoreari, duela hiru urte.
De Juanak 2005ean zigor osoa bete eta kalera irten behar zuen, baina orduko Justizia ministroak ez zuen “hiltzaile bat” aske utzi nahi. Ondorioz, ETAko kideak espetxean jarrai zezan, haren aurka “oinarri sendo eta argirik gabeko beste kausa batzuk” zabaltzea erabaki zutela aitortu zien Rubalcabak AEBei. Kaleratzea saihesteko zigor prozedura berria ireki zion Auzitegi Nazionalak De Juanari Gara egunkarian idatziriko bi iritzi artikulurengatik. Erabaki haren aurka protesta egiteko gose grebari ekin zion euskal presoak, eta Donostiako ospitalean ingresatu behar izan zuten, hil edo biziko egoeran. Wikileaksek zabaldu duenez, Rubalcabak AEBei aitortu zien De Juana gose greban hiltzea saihestu nahi zutela, «ETAren gazteria erradikalaren martiri bilaka» ez zedin presoa.