Astelehenetik aurrera, Donostia eta Miarritzeko aireportua lotuko dituen autobus zerbitzua
Datorren astelehenean jarriko da abian Donostia eta Miarritzeko aireportua zuzenean lotuko dituen autobus zerbitzu berria. Autobusa Pio XII.eko geltokitik aterako da egunero 14:30ean eta geldialdirik egin gabe autobidez joango da Miarritzeko aireportuko irteeren terminaleraino. Ibilbideak 45 minutuko iraupena izango du. Aireportutik, Donostiarako bidaia, berriz, 15:30ean aterako da iritsieren terminalaren ondoko nasatik eta 16:15ean iritsiko da Donostiara. Txartela Pesa konpainiaren bulegoetan erosi behar da. Prezioa, 6,55 eurokoa izango da ibilbide bakoitzeko.
Era berean, Hondarribiko aireportutik ateratzen den lehen hegaldira autobusez iristeko zerbitzua eskainiko dutela iragarri du Foru Aldundiko Mugikortasun sailak. Urtarrilean abian jarriko den zerbitzu honen autobusa goizeko 6:30ean aterako da Gipuzkoa plazatik, goizeko 7:30ean ateratzen den lehen hegaldira heltzeko.