Ia bikoiztu egin da iazko bisitari kopurua jaiegun hauetan
Xabier Etxabe
Eguraldi epelak lagun, zubi aparta izan da abenduko hau ostalari eta turismoaz bizi diren herritarrentzat. Enrique Ramos Turismo zinegotzia, behinik behin, “oso asteburu ona” izan dela adierazi du. Donostia Turismok bildutako datuei so egitea besterik ez dago Ramosen poza ulertzeko. Bost egunotan 4.629 lagun igaro dira turismo bulegotik, iazkoaren bikoitza ia (2.462).
Bisitarien artean, ohikoa den bezala, katalanak nagusitu dira (%23,41). Madrildarrak (%14,47) eta valentziarrak (%7,3) geratu dira atzetik. Katalanen kopurura iristea zaila izango den arren, japoniarren gorakada nabarmendu du Turismo zinegotziak. Bisitarien tartan %2,26ko pusketa hartu dute.
Egunotako albiste nagusia aire kontrolatzaileen lanuztea izan bada ere, Donostian eragozpen larririk eragin ez duela jakinarazi du Ramosek. “Aireportua gure ahulezietako bat da, oraingoan, ordea, ez du eragozpenik sortu”.
Hegazkinez datozen bisitariak %0,42a dira, besteak beste. Gorabehera honen ondorioz hainbat hoteletan erreserbak bertan behera utzi badituzte ere, leku bila zeuden lagunekin bete dituzte hutsune horiek.