Indarrean dira lehen trafiko aldaketak
Amaratik ibili diren gidariek nabarituko zuten jada Mendeurren plazan egin dituzten lehen zirkulazio aldaketak indarrean direla. Mundaiz zubitik datozen autoek ezin dute orain Errondo pasealekura zuzenean jo, Easo aldera jo beharko dute orain Errondon sartu ahal izateko. Urbieta kaletik doazen autoek, berriz, Errondora zuzenean jo dezakete.
Aldaketa nagusia abenduaren 15etik aurrera iritsiko direla azaldu du Maravi Dafauce Mugikortasun zinegotziak. Orduan, Bizkaia pasealekutik doazen autoek ezingo dute Parke kalean sartu. Amaratik datozen ibilgailuek Easo aldera egin nahi izanez gero Azpeitia kaletik egingo dute, kalearen norabidea aldatuko baitute.
Zubi berriak, trafiko aldaketak, aparkalekuak… Berrikuntza hauekin gidariak noraezean ibil ez daitezen, urte bukaeran hiriko kale nagusietan norabide nahiz aparkalekuen egoeraren berri emango duten seinale berriak jarriko dituztela adierazi du Dafaucek.