Victoria Eugenia Antzokia dute zain
Ostegunean iritsiko da Donostiara Bide Ertzean, Joserra Senperenarekin. ‘Don Inorrez’ disko berriko kantak aurkeztuko dituzte.
Martxoan Lugaritzen izan ziren. Orduan ‘Lleidor Sessions’ zuzeneko diskoaren bira egiten ari ziren. Oraingoan, ordea, Victoria Eugenia Antzokia dute haien zain. ‘Don Inorrez’ disko berriko kantak aurkeztuko dituzte, ostegun honetan. «Garrantzitsua da kontzertu hau. Batetik, gure lan berriarekin gatozelako, eta ilusioz beterik gaudelako. Bestetik, plaza eder batean aritzea pizgarri handia delako. Askotan etorri izan gara hona, artista handiak ikustera, eta oraingoan gu izango gara eszenatoki gainean», adierazi du Joni Ubedak. Duela hiru aste ekin zioten bira berriari, eta jada motorrak berotu dituztela azaldu dute.
Donostian boskotea osorik izango da. Fran Iturbe (gitarrak, koruak), Joserra Senperena (pinoa, organoa, koruak), Karlos Aranzegi (bateria, perkusioa), Joni Ubeda (gitarra, koruak) eta Imanol Ubeda (gitarra, ahotsa). Zuzeneko guztietan ezin izan dute boskotea osorik elkartzeko aukera izan, eta «gogoz» daudela azaldu dute kideek.
Victoria Eugeniako emanaldira, gainera, zenbait artista gonbidatuko dituztela aurreratu dute. Xabier Lete poeta eta abeslaria ere gogoan izango dutela esan dute: «Lete eta bere garaiko sortzaileak ez dira gure belaunaldikoak, baina gu haiekin hazi ginen. Euskal kantutegi zaharra berreskuratzeaz gain, gauza ederrak egin dituzte. Gu ez gara Leteren jarraitzaile amorratuak, baina bere abesti bat maite dugu, Ni naiz». Durangoko Azokan egindako zuzeneko emanaldian bezala, Donostian ere, haren bertsio bat joko dute.
Zuzenean kanta berriak aurkeztuko dituzte eta «diskoaren soinua ahalik eta modurik fidelenean interpretatzen saiatuko gara kontzertuan. Lan berriaren isla izango da». Lleidor Sessions bildumako abesti zahar batzuk ere berreskuratuko dituztela esan dute.
Karlos Aranzegiren ustez, «ondo mimatutako diskoa da Don Inorrez. Denbora luzea eman genuen abestiak lantzen. Eta musika berria zuzenera eramateko ere lan handia egin dugu. Victoria Eugeniako baliabide teknikoak direla eta beste emanaldietan egin ez ditugun grafismo eta animazioak erabiliko ditugu».
Hamabi urteko ibilbidea
Bide Ertzean taldeak etengabe landu du bere musika, errepidean egin dituen hamabi urteotan. Hasierako diskoetan nagusi zen pop estilotik egungo ukitu rock sendoagoetara. 1998az geroztik, abestiz abesti, eta kontzertuz kontzertu, bere soinu unibertsoa sortu du. 2000. urtean kaleratutako Grisa diskoan rock doinuetan ere ondo moldatzen direla frogatu zuten. Geroztik, eta Joserra Senperena piano jotzaile donostiarra lagun, taldearen zuzenekoek are indar eta sentsibilitate handiagoa lortu dutela diote. Sormenean ere aurrerapauso nabarmena egin du azken urteotan. 1936ko gerran oinarritutako Non dira (2006) diskoa eta Tolosan grabatutako Leidor Sessions (2009) zuzeneko lana dira horren guztiaren lekuko. «Hasieratik sortu genuen gure soinua, gure abiapuntua izango zena. Bidean, ordea, hainbat eraginetatik edan dugu. Azken aldian entzun ditugun musikarien lanek ere eragina dute gure abestietan. Wilco -k edo Quique Gonzalezek esaterako», adierazi du Imanol Ubedak. «Joserrak eta Franek ere beste soinuetara eramaten gaituzte. Azken diskoan, Euskadiko Orkestrako hari instrumentuak sartu ditugu, eta soul musikan murgildu gara Hammond organoarekin», gaineratu du abeslariak.