Kartzelatik Loiolako kultur etxera
Mikel Goñi
Klasiko bihurtu da, 1994tik ia urtero, Martuteneko kartzelako tailerretan egindako artelan eta eskulanen erakusketa. Loiolako kultur etxean, Donostia… barrutik izenpean biltzen dute urtean zehar egindako lanen aukeraketa . “Larrua, margoak edota buztinez egindako gauzak daude ikusgai”, argitu du kultur etxearen arduradun Jon Urbietak.
Urbietak dioenez, “erakusketa honek zubilana egiten du espetxeratuen eta beraien familien artean”, senitartekoak direlako, ikusleen artean, gehiengoa. “Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako erakusketa gurean izatea”.
Beste urteetan bezala, landutako larruak, brodatuak, margolanak edota hondarrez egindako marrazkiak ikus daitezke hilaren 17ra arte. Urbietak zehaztu du aukeratutako materiala nolakoa den. “Beste urtetan baino gutxixeago dago; baina, nire ustez, hobexeagoa ere bada”. Urtean zehar kartzelako lantegietan egindako lan onenetako batzuk daude ikusgai, aske gelditzen diren presoek beraienak eramaten dituztelako. Tailer hauek Iresgi, Helgaldi eta Pastoral Penitenciaria elkarteek kudeatzen dituzte.
Margolanetan itsasoak eta paisaiak ugariak dira. Baten batek pentsa lezake, imaginazioarekin ihes egiteko baliogarri izan dakiekela presoei. Hala izan edo zaletasun hutsa izan, horien ondoan, Realaren armarriak ere bere tokia du erakusketan.
Motibazio eta kezken isla
Arte espresabidea eta eskulana uztartzen dituen Donostia… barrutik Martuteneko presoen tailerren produkzioa ezagutzeko baliogarria izateaz gain, beraien errealitatearen parte bat ezagutzeko ere balio du. “Batzuek ordu asko ematen dituzte tailerretan”, nabarmendu du Urbietak. Bestalde, ikastaroetan egindakoak ez ezik, Martuberriak argitalpenaren hainbat ale ikus daitezke ere. Honetan ere Realak tartetxoa dauka taldearen hainbat jokalarik espetxera bisita egin zutelako urriaren 7an.
Aldizkariak erakusketaren inguruko idazkitxoa jasotzen du ere. Bertan azaltzen denez, erakusketaren helburua ere bada kanpoan daudenei “askatasunik gabe daudenek dituzten motibazio, behar eta kezkak” erakustea.
Bilduma ikusteko denbora bukatzen ari da; izan ere, material horretako gehiena presoek beraien familiei egin beharreko Eguberrietako opariak baitira.

