Mende laurden borobila ospatu nahi du Altzako Historia Mintegiak
Xabier Etxabe
Altzako Historia Mintegiak datorren urteko egutegia kaleratu du. Egunotan erakunde eta elkarteek banatzen dituztenen pare, hau ere argazki ederrez hornituta dago. Altzako Historia Mintegikoak, baina, berezitasun nagusi bat du, datorren urtean zilarrezko ezteiak beteko dituelako. 2011k, honenbestez, egun berezi ugari izango ditu Altzako Historia Mintegiarentzat, guztiak ere gorriz borobiltzeko. Urte berrian murgildu ahala ekitaldiak loratuz joango badira ere, jarduera mordoa dute jada aurreikusita. Udaberrian, esaterako, bi txango antolatuko dituzte. Bata, Erronkariko Burgi herrira. Egurra eramateko ontziak baliatuz, almadiazainek egiten zuten lana oso ezaguna da bertan. Maiatzaren 28an, berriz, Felix Rodriguez de la Fuenteren jaioterrira joko dute, Poza de la Sal herrira (Burgos). Ekainean argitalpen berri bat kaleratzeko asmoa dute. Aurretik, aldiz, naturari eskainitako leiho berri bat zabaltzekotan direla argitu du Maribel Manzano Altzako Historia Mintegiko kideak. Altzanatura izenez, Altza eta bere inguruak duen landare eta animalia aberastasuna ezagutzeko aukera eskainiko dute. Uda atseden hartu eta indarberritzeko garaia izango da. Kultur Astea, udazkenean Udazkena, aldiz, berezia izango da Altzako Historia Mintegiarentzat, 25. urteurrena ospatzeko jarduera ugari egitea dutelako buruan. Ganbara bilduman jasotako tresnekin landutako erakusketaz gain, azarorako topaketa berezi bat egitekotan dira. Altzako Historia Mintegiaren bide beretik historia berreskuratzen lanean ari diren beste elkarte batzuekin bat egin eta egiten duten lanaren berri izateko ekimena prestatzen ari dira. Kultur Aste berezia antolatu nahi dute, halaber. Antolatuko dituzten jardueren artean, erakusketa berezi bat egongo da, Lekukoak ikus-entzunezko sorta ezagutzera emango dutelako. Lekukoak egitasmoaren bidez, Altzako aiton-amonen testigantzak bildu dituzte. Horretaz gain, Hautsak kenduz bildumaren beste argitalpen bat kaleratuko dute. Logo eta webgune berritua du elkarteak Hogeitabost urtetan Altzaren iragana berreskuratzeko lan handia egin du Altzako Historia Mintegiak. Arakatzearekin nahikoa ez, eta denen esku uztea izan da elkartearen beste jomuga nagusietako bat. Horretarako, web orria sortu zuten 1996. urtean eta horretan ere aitzindariak izan direla goraipatu du Antxon Alfaro Altzako Historia Mintegiko kideak. “Harro egoteko modukoa da Altzari buruzko lehen webgunea sortzea eta euskaraz egindako lehenengoa izatea”. Urteotan hamaika albiste, argazki eta dokumentu jarri dituzte altzatar zein herritar ororen eskura, eta, oraingoan, beste urrats bat ematea erabaki dute, altza.net webgunea itxuraldatuz. Leihoa eraberritzearekin batera, logo berria aurkeztu du Altzako Historia Mintegiak. “Arinagoa” dela azaldu du Alfarok. Hogeitabost urteko ibilbidea atzean utzi gabe, ukitu berria duela dio. Webgunearen diseinu aldaketarekin, gainera, elkartea bera nabarmendu nahi dute. Alfarok adierazi duenez, “Altzaren ondarea handia da, Altzako Historia Mintegiak berak, ordea, urte hauetan guztietan material ugari pilatu du eta hura plazaratzeko garaia da”. Honela, aurreko web orriak zituen atalak bere horretan utziz, elementu berriak gaineratu dituzte. Hala nola, Facebook sarean profila ireki dute jende gehiagorengana hurbiltzeko. Fototeka atala ere badute orain, eta elkarteak egindako jarduera guztien argazkiak kontsulta daitezke bertan. Elkarteak bezala, webgunea ere garai berrietara egokitzen jarraituko du. Hala, Wikipedian Altzako informazio gehiago jartzea da esku artean duten erronketako bat.

