Telebistatik, Victoria Eugeniara
Ahotsak Gazte abesbatza eta May Bi taldeko abeslari gazteak larunbatean izango dira zuzenean Victoria Eugenia Antzokian.
Ahotsak Gazte abesbatza eta May Bi taldeko abeslari gazteak larunbatean izango dira zuzenean
Amateur edo zale gisa eman zituzten lehen pausoak, Ana Elorza donostiarraren Ahotsak Estudioan. Telebista, berriz, erakusleiho ederra izan zen gazte hauentzat. Ahotsak Gazte abesbatzak ETB1eko ‘Oh Happy Day’ lehiaketaren bigarren ekitaldia irabazi zuen. May Bi, kate bereko ‘Bigira’ Kantu Lehiaketako finalera iritsi zen, eta publikoaren saria eskuratu zuen.
Harrez gero ibilbide profesionalari ekin diote biek ala biek. Miren eta Beak osatzen duten May Bi taldeak lehen diskoa aurkeztu berri du Durangoko Azokan. Ahotsak Gazte abesbatza, izenak berak iradokitzen duen moduan, talde gaztea da. Musika koralari kutsu modernoa emateaz gain, haien ahotsak jende gaztearengana iristea nahi dute.
Larunbatean, abenduaren 18an, telebistatik Victoria Eugenia Antzokira salto egiteko aukera izango dute. May Bik disko berriko kantak abestuko dituzte, eta Ahotsak Gaztek, berriz, Oh Happy Day saioan interpretatutakoak, Haizea, Tears in Heaven, Man in the mirrow eta Yaiho. Elkarrekin ere abestuko dutela aurreratu dute aurkezpenean.
Ahotsak Gazte hamahiru abeslarik osatzen dute. 17 eta 22 urte bitarte dituzte. Ahotsak Estudioan musika ikasketak egiten ari dira. Ahotsa landu, instrumentuak jotzen ikasi eta abesbatzako kide izaten ikasten ari dira. Rodrigo de Vera Diez gaztea da zuzendaria. Musikenen goi mailako piano ikasketak bukatu berri ditu. Ahotsak Gaztek musika modernoa egiten dute. Abesteaz gain dantza ere egiten dute eszenatokian. Zuzenean eskarmentua badute, gainera. Telebistan agertu zirenetik hainbat emanaldi egin baitituzte Euskal Herrian zehar. Larunbatean, Victoria Eugenian, Arrasateko Goikobalu Gazte abesbatzaren laguntza izango dute, baita Oihan Vegarena ere, DJ gisa.
«Ohorea da nire ikasleek horrelako aukera izatea», adierazi du Ana Elorzak, Ahotsak Estudioaren zuzendariak. «Berezia da, urtean zehar ereindakoaren saria izan da», gaineratu du.