Tabakaleraren berritze arkitektonikorako kostuak bost milioi euroko murrizketa izan du
Tabakalerako Administrazio Kontseilua osatzen duten hiru erakuendeek (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udala) amaitutzat eman dute joan den maiatzean abian jarritako birdimentsionamendu prozesua. Tabakaleraren ardatz nagusia sorkuntzarekin lotutako zerbitzuak izango direla adierazi dute. Bestalde, 2008an eraikinaren berritze arkitektonikorako lehiaketan garaile izandako Jon eta Naiara Montero arkitektoen proiektuak zenbait moldaketa jasan beharko dituela azaldu dute. Batetik, obraren kostua murriztu nahi dute, eta bestetik, zenbait espazio libratu nahi dituzte beste erabilpen batzuk emateko, eta zentroaren auto-finantzaketa ratioa handitu ahal izateko.
Hainbat lehentasun zehaztu dituzte arduradunek. Prozesu arkitektonikoa abian jartzea eta obra hastea eta proiektuaren “bihotza” ere Artelekuko foru programatik abian jartzea nahi dute lehenbailehen. Zuzendaritza Orokorraren ardura hartuko duen pertsona bat kontratatzea ere berehalako jardunbidea izango da, postu hori hutsik baitago Joxean Muñozek dimisioa aurkeztu zuenetik.