Donostian bukatuko da 17. Korrika
Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu dute Korrika 17, gaur goizean. Izan ere, 2011ko ekitaldiak 1919an euskal hizkuntzaz arduratzeko jaio zen erakunde ofiziala omenduko baitu. Hala, herri mugimenduaren aldetik erakunde ofizialak egindako lana aitortu nahi dute. Apirilaren 7an abiatuko da Korrika Trebiñutik (Araba) eta Donostian amaituko da apirilaren 17an.
Edurne Brouard Korrikako arduradunak azaldu duenez, hitz berri bat jarriko du kalean Korrikak, “euskalakari”, euskaltzaleen artean “jarrera aktiboa” duten horiek bereizteko. Hala, “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari” izango da zabalduko den mezua.
Bestetik, azken korrika izan zenean, terrorismoa goratzeagatik AEKko zortzi kide salatu zituzten Dignidad y Justicia eta España y Libertad taldeek. Beraz, Oscar Elizburu, Gipuzkoako AEKko arduradunak Donostiara joan behar izan du gaur, epailearen aurrean deklaratzera. Erasoen aurrean onena Korrika 17 indartsu bat lortzea dela diote antolatzaileek, herritarrei parte hartzeko deia eginez.