Kresala taldeak azken aldiz taularatuko du ‘Sehaska’ ikuskizuna
Kresala dantza taldeak Sehaska ikuskizuna eskainiko du azken aldiz. Hitzordua Antzoki Zaharrean izango da, abenduaren 18an.
2006an estreinatutako balleta ikusteko aukera bakarra eta azkena bihar izango da, Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Sehaska dantza ikuskizuna Gazteszena aretoan aurkeztu zuen Kresala taldeak lehen aldiz. Bost urte luzez eta lau denboraldietan zehar hainbat emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian. Europako Nazioarteko dantza jaialdi nagusienetan ere ez du hutsik egin Donostiako konpainiak. Besteak beste, Herbeheretan, Finlandian, Frantzian, Suitzan edota Belgradon izan dira zuzenean.
“Edukitzearen” atsegina eta “ez izatearen” estutasuna dira obra honen abiapuntua. Askotariko koreografiak biltzen ditu ikuskizunak, taldeka zein bakarka dantzatuko dituztenak. Hogeita hamar dantzari eta zazpi musikari izango dira taula gainean. Sarrerak salgai daude 15 eta 12 eurotan.