"Txapela lortzen ez badut Olentzerori eskatuko diodala esan dut etxean"
Emakumea Pilotarik antolatzen duen Bigarren Mailako Txapelketako finalerako sailkatu da Alaitz Bañales (Amara Berri, 1977). Txapelketan parte hartzen duen laugarren urtea da eta bigarren aldiz lehiatuko da finalean. Hernaniko klubeko Eneritz Perez atzelaria da Bañalesen bikotea eta elkarrekin jokatutako sei partidetatik bakarra galdu dute orain arte. Larunbatean, abenduaren 18an, Tolosako Beotibarren jokatuko diren Ezker hormako V. Emakumea Pilotari Txapelketako finalean izango dira, aurrez aurre, bi bikoteak. Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasiko da, Jubenil mailako Gipuzkoako txapelketako finalarekin.
Nolakoa izan da Liga?
Egia esan, txapelketa honetan harritu egin naiz egin dugunarekin, bost partidetatik lau irabazi baikenituen. Emaitza onak lortzen ari ginenez, geroz eta gogo gehiagorekin joaten nintzen. Gainera, ez nuen final aurrekoan irabazterik espero, hortxe geratuko ginela uste nuen. Oso pozik nago.
Eneritz Perez da zure atzelaria eta emaitzak ikusita ongi baino hobeto moldatu zaretela esan daiteke, ezta?
Lehenagotik ezagutzen ginen eta oso pozik nabil berarekin. Aurretik sekula ez genuen elkarrekin jokatu, baina txapelketetatik eta teknifikazio eskoletatik ezagutzen ginen. Ongi moldatzen ginen elkarrekin eta inoiz aipatu izan genuen elkarrekin jokatzea gustatuko litzaigukeela. Gu bikote izatea erabaki zuten eta oso harreman ona eduki dugu. Sekulako atzelaria da eta oso eroso sentitzen naiz berarekin jokatzen. Bat -etortzea lortu dugu.
Ligaxkan galdu duzuen partida bakarra Ane Lizeaga eta Naroa Urbietaren aurkakoa izan zen, baina finalaurrekoan arantzan kendu duzue.
Bai, logikoki partidaren bat galdu behar genuen eta finalaurrekoan eroriko ginela uste genuen, beraien aurka galdu genuelako aurretik. Hala ere, aurreko partidan ikasi genuen nondik joko zuten eta adi egon ginen.
Urduri zineten finalaurreko partidan?
Beno, ni urduri nengoen, partida guztietan jartzen bainaiz urduri, baina agian aurrekoetan baino gehiago. Nahiko partida gogorra izan zen, galtzen hasi ginen, baina gero errekuperatzea lortu genuen. Bukaeran markagailua 30-22 ikusita, badirudi aldea egon zela, baina azken tantora arte gora egin dezaketela pentsatzen ari zara. Garrantzitsua da partidako tentsioa ez galtzea, hori pasa baizitzaigun aurreko lehian.
Finala iritsi aurretik baduzue elkarrekin entrenatzeko aukerarik?
Hori da txapelketa honetako hutsunea, entrenamenduak ez direla bakoitzaren bikotearekin egiten. Bakoitzak bere klubekoekin entrenatzen jarraitzen du. Beraz, zure bikotearekin partidetan bakarrik egoten zara. Ez daukagu elkarrekin prestatzeko aukerarik, baina partida hasi aurretik estrategia txikiren bat komentatzen dugu. Beraz, larunbatera arte ez naiz ez nire bikotearekin ez aurkariekin egongo.
Nola ikusten duzu finala?
Txapela nik eramaten ez badut, gutxienez, klubean geratuko da. Izan ere, kasualitatez aurkarietako bat Altzatarra klubekoa da, ni bezala, eta bestea, Hernanikoa. Irabazteko sekulako gogoa dut, gainera, ez ditut 20 urte, urtero aurkezten ibiltzeko. Bestela, txapela lortzen ez badut Olentzerori eskatuko diodala esan dut etxean. Oraindik ez dut txapelik lortu eta egin dugun txapelketa bikaina borobilduko luke.
Giroa espero duzue?
Finalaurrekoetan, esaterako, ikusle nahikoa elkartu ziren, baina bikote gehiago zeuden. Finalean senitartekoak egongo dira eta giroa egotea espero dut. Hiru final jokatuko ditugu.