Ze Esatek! oporretan doa Kubara
Kubara? Ze Esatek! Bai, bai... Hurrengo abenduaren 26an joango dira irlara, Cuba Ron Tour-arekin. Gaztetxez gaztetxe, antzokiz antzoki, jaialdiz jaialdi, festaz festa... Ze Esatek! taldeak arnasa hartzeko denborarik ere ez du izan aurten. Otsailean diskoa kaleratu zuenetik. Laurogei kontzertu inguru eskaini dituzte. Ska, rock eta reggae erritmoak eta taldeari darion bizipoza Karibe aldera ere eraman nahi dituzte. Dantzan jarri nahi dituzte kubatarrak.
Kubara? Ze Esatek! Bai, bai… Hurrengo abenduaren 26an joango dira irlara, Cuba Ron Tour-arekin. Gaztetxez gaztetxe, antzokiz antzoki, jaialdiz jaialdi, festaz festa… Ze Esatek! taldeak arnasa hartzeko denborarik ere ez du izan aurten. Otsailean diskoa kaleratu zuenetik. Laurogei kontzertu inguru eskaini dituzte. Ska, rock eta reggae erritmoak eta taldeari darion bizipoza Karibe aldera ere eraman nahi dituzte. Dantzan jarri nahi dituzte kubatarrak.
Kubatik bueltan, urtarrilaren 15ean egingo dute biraren azken kontzertua, Antiguako jaietan. Izan ere, eszenatokietatik jaitsi eta entsegu lokalean sartu nahi du taldeak bigarren diskoa prestatzeko. Beno, Korrikan ere ez dute hutsik egingo. Apirilaren 17an, euskararen aldeko martxa Donostiara iristean. Des-kontrol taldeko manager-aren bitartez Kubako Zeus taldearekin harremanetan jarri ziren Ze Esatek! taldeko kideak. Eta pixkanaka-pixkanaka bira lotzea lortu zuten. Hasiera batean oporretan joateko asmoz joan joan behar zuten Kubara: «Jendearen urteko lanaren sari bezala proposatu genuen. Hura izan zen abiapuntua, baina azkenean lana egitera ere joango gara. Irlak berak ematen dituen aukerengatik, eta herrialdearekiko sentitzen dugun elkartasunagatik. Saltsero batzuk gara… Lanean ere oso ondo pasatzen dugu!». Bi astez biziko duten esperientzia dokumental batean jasoko dute. «Musika talde bat Kuban bira egiten, hori izango da ideia nagusia. Bidaian zehar ezagutzen dugun jendea, gure bizipenak eta kontzertuak grabatuko ditugu».
Irlan egingo dituzten zuzenekoetan, gainera, Kubako lau musikarik parte hartuko dute. Hiru emakume beltzen ahotsak eta perkusio jotzaile baten laguntza izango dute eszenatokian. Habanan emango dute denbora gehien, baina Santa Klara edota Cienfuegos-en ere izango dira.
Irrikitan daude Kubara joateko. Gogotsu daude eta zer nolako esperientzia biziko duten jakinmina ere badute. Dagoeneko bertako telebista saio batekin elkarrizketa lotu dute eta zortzi kontzertu inguru ematea aurreikusi dute. Gabon Zaharrean, Maxim Rock aretoan izango dira Zeus taldearekin batera. Mila zale inguru bilduko dira bertan. Kontzertua zuzenean grabatu nahi dute,«Beharbada hurrengo diskoan bonus track moduan sartzeko». Karibean euren artilleria guztia erabiliko dute: Trikitixa, tronpeta, txalaparta, saxofoia, gitarrak, tronboia, bateria… Eta festa zaletasuna, jakina. Jaia eta plazererako sortutako taldea baita Ze Esatek! Hamahiru pertsona joango dira Kubara. Musikariak ez ezik, kamera bat, tekikariak eta ekoizleak ere bai.
Irailean hasiko dira hurrengo diskoa prestatzen. Bigarrena ere «parrandarako diskoa» izango dela aurreratu dute. Abenduan, hurrengo Durangoko Azokan aurkeztu nahi dute. 2008ko abenduan sortu zuten Ze Esatek! Lagunarteko proiektu baten moduan hasi ziren lanean. Entsegu Lokalean beste taldeen bertsioak eta euren kantuak bata bestearen atzetik hasi ziren jotzen. Puzzle handi batetik sortutako taldea da. Partaide guztiak izan baitira euskal talderen batean. Nuke, The Txortains, Trikizio, Kepa Junkera, Harlax… «Harrituta gaude gure musikak izandako arrakastarekin».