Gabonetarako hainbat ekimen antolatu dituzte Añorgan
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu Gabonak auzoan pasatzeko. Ostegunero bezala, Jolas Etxean 19:30etan, Gabonetan ere Mikrofono Irekiko saioetan parte hartzea egongo da, bakoitzak nahi duena egiteko. Bestalde, bihar, Santo Tomas egunean, Gazte Lokalak urtero bezala auzoa girotuko du: txistor-jatea, sagardoa, taloak… 11:30etik aurrera.
Aurrerago, abenduaren 24ean, baserriz-baserri irtengo dira añorgatarrak Gabon kantak abestuz. Antolatzaileen esanetan, helburua “Añorgako leku guztietara Gabonetako bero eta goxotasuna heltzea da”. Hori bai, baserrietara zuzendu aurretik, ahotsak berotuko dituzte Añorga-Txikin egingo duten poteoan. 13:00etarako jarri dute hitzordua, Atotxa Errekako Elkartean.
Abenduaren 28a Haurren Eguna izango da. Egun horretan, 16:30ean, kultur etxean txikienentzako jolasak egingo dituzte. 18:30ean, txokolate-jana egingo dute eta ondoren, Kriki eta Kroki pailazoen emanaldia izango da.
Errege Magoen kabalgatak ere ez du hutsik egingo, abenduaren 5ean. Errege bat Añorga Txikiko Etxe-Luze baserritik jaitsiko da, bestea Pedro Jose ingurutik eta hirugarrena Errekaldetik. Agerraldia 18:00ak aldera hasiko da eta ondoren, auzoko elizan bilduko dira.