Errege-opila, gaurko eguna berezia egiten duen osagaietako bat
Mikel Goñi
Etxe batzuetan Eguberrietako oparien eguna Olentzerok ezartzen du. Beste batzuetan, berriz, errege magoen eginkizuna da erregaluena. Baina, gaur bezalako eguna beste zerbaitek egiten du berezi: errege-erroskoak, errege-opilak edota errege-uztaiak. Kale Nagusian dagoen Izar opil-dendako Miren Beldarrainek dioenez, «etxe guztietan jaten da, ez da inongo etxeetan falta. Edo oso gutxitan». Lanez lepo ibili dira gaur arte enkarguak hartzen eta aldez aurretiko salmenten ondorioz. «Ez nuke jakingo zehatz esaten, baina ikaragarri saltzen dugu egun hauetan», gaineratu du Beldarrainek.
Mugimendu bertsua ikusi da, aurreko egunetan, hiriko beste opil-dendetan. Eta ez dira gutxi izan, hauen erakusleihoetan adi-adi,Errege Magoen eguneko jatekoari so, orduak eman dituztenak.
Errege-opilik gabe gelditzeko beldurrik ez dago, denda gehienetan soberan izango baitute, baina nahi duenak etxean egin dezake. Norberak bere errezeta erabiliko du. Beldarrainek dioenez, «gure dendak 60 urte ditu eta denbora horretan errezeta bera jarraitu dugu». Narrika kaleko Otaegin ere «betiko» errezeta darabilte, baina hauek ez diote opilari frutarik jartzen gainkaldean, «hori delako betiko errezeta».
Frutarik gabe edo frutarekin, denek dute komuneko «baba edota ustegabeko oparitxoa». Beldarrainek dioenez, «printzipioz jendeak ohitura hori mantentzen duela dio. Oparitxoa jasotzen duenak hurrengo urtean erosten du. Baina azkenean amonak izaten dira erosten dutenak».
Dendara berandu iritsi direnei, edota datorren urterako etxean prestatzen ikasi nahi dutenei Irutxuloko Hitzak irakurleei opari egin nahi die: lerro hauekin batera doan errege-opila egiteko errezeta.
Errege-errosko klasikoa egiteko errezeta:
Ontzi batean, irina eta azukrea nahasi. Horren ondoren, arrautzak, laranjondo-lore ura, rona, legamia , ura eta gatza gehitu. Kontu handiz irabiatu, pikorrik gabeko ore trinkoa lortu arte. Laranjondo-lore ura izan ezean, laranja azalen infutsioa erabil daiteke. Une honetan, gurina gutxika bota eta mahai gainean eskuz oretu, bola bat egitea lortu arte. Ontzi batean jarri eta zapi batekin estali eta utzi hiruzpalau ordu harrotzen, bere tamaina bikoiztera iritsi arte.
Adierazitako tamaina hartzean, berriro oretu pixka batez, eta errosko forma eman. Laberako paper baten gainean jarri, eta laranja azalekin eta gingekin apaindu. Utzi horrela pare bat orduz.
Oparitxoa sartu eta arrautza irabiatuarekin margotu, aurrez 175 gradotara beroturiko labean sartu, 15-20 minutuz.
Mahaira atera baino lehen, azukre-hautsa gainean jarri.
Osagaiak:
- 500 g. irin
- 125 g. azukrea
- 3 arrautza
- Laranjondo-lore ur zorrotada
- Ron kopa erdia
- Esne zorrotada
- 20 g. okinen legamia
- Ur zorrotada
- Gatz pixka bat
- 150 g gurinApaintzeko:
- 4 ginga
- Laranja azala
- Arrautza irabiatua
- Azukre-hautsa