Bosgarren zubiak oraingoz «erabilera eskasa» duela onartu du Elorzak
Olentzeroren oparia izan zen Lehendakari Agirreren zubia, alegia, Amara Plaza hotelaren pareko zubia. Gidariek, ordea, oraindik bere egin ez dutela onartu du Odon Elorza alkateak. Inauguratu ondorengo egunotan “erabilera eskasa” izaten ari dela aipatu du.
Autoen joan-etorria etengabea izan dadin, gidari eta oinezkoek ezagutu behar dutela azaldu du eta horretarako denbora behar dela adierazi du.
Dena den, bosgarren zubira hurbiltzen diren autoek bertatik nora jo dezaketen jakiteko, ahoz aho zabaldutakoa nahikoa ez denez, Udalak 40.000 euro gastatu ditu errepide bazterrean seinaleak jartzeko. Seinaleok ikusgai daude jada, oraindik, ordea, beste zenbait jartzea falta dela argitu du Odon Elorzak.
Alkateak, hain justu, Bizkaia pasealekuan seinaleak falta direla aitortu du. Norabidez aldatu duen Azpeitia kalearen parean seinale berria dagoen arren, Antiguara nahiz Amara jo nahi dutenek kale hori hartu behar dutela jakin dezaten, Bizkaia pasealekuan zehar beste seinale bat jarri behar dela esan du alkateak.
Itxuraldatutako Mendeurren plazan ere seinale argiak behar direla zehaztu du Elorzak. Era horretan, lehen ez bezala, gidariek Parkea kaletik Mundaizeko zubian barnera daitezkeela jakin behar dutela adierazi du.
Aparkaleku gehiago
Amarako inguru honek itxuraldaketa etengabean segitzen du. Lorategiak apaintzearekin batera, Antso Jakitunaren hiribideako bideetako bat aparkaleku bihurtu dute. Amaratarrek, beraz, aparkaleku plaza gehiago dituzte orain autoa uzteko.
Zirkulazio iraultza honi, bestetik, Martutene, Ospitaleak eta saihesbide zaharra lotuko dituen errepide berria batu behar zaio. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, martxoan zabalduko dute bide azpiegitura.