Jon Anzaren senide batek epaitegian deklaratuko du ostegunean
Jon Anzaren senide batek, Garbiñe Alkizak, Donostiako epaitegian deklaratuko du ostegunean. Anzaren gorpua agertu ondoren, Donostian egindako manifestazioan segurtasun indarrak iraindu izana egozten diote. Hala, bi expediente zehatzaile zabaldu dizkiote eta bakoitzean 1.000 euroko isuna ezarri nahi dio Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak.
Hori dela eta, Intxaurrondoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohar bat zabaldu du, epaiketaren aurka: “Euskal Herri osoan, Intxaurrondon, baita Donostian ere, Jonekin gertatu zena argitu zedin aldarrikatuz mobilizazio mordoa egin zen. Bertan, Jonen heriotza Estatu frantses eta espainolaren gerra zikinak eragin zuela salatu zuten. Salaketa guzti hauen aurrean, Estatuaren erantzuna Intxaurrondoko eta Donostiako manifestazioak deitu zituen auzotarra, Jonen senidea dena, auzitara eramatea izan da. Guzti honen aurrean, Intxaurrondoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Estatu espainoleko eta Gasteizko Gobernuko agintarien jarrera salatu nahi du, Jonek omenaldia merezi zuela eta merezi duela berretsi, eta Jonekin zer gertatu zen argitu dezaten exijitzen jarraituko dugula adierazi nahi du “.
Oharraren amaieran, dei egiten dute, urtarrilaren 13an, “auzoko bizilaguna babesteko”. Hala, etzi, eguerdiko 12:30ean, Egiako epaitegi aurrean elkarretaratzea egingo dute.