San Sebastian egunaren inguruan antolatutako Antiguako jaiak itzuli dira. Gaurtik aurrera, hamaika proposamenekin ondo pasatzeko aukera izango dute auzotarrek nahiz kanpokoek.
Sansebastianak danbor hotsekin bakarrik lotzen dituztenak, ziurrenik,ez dira inoiz Antiguako jaietan izan. Hiriko patroiaren egunaren harira ospatzen
dituzte auzoetako urteko lehen jaiak. Aurten, bi astetan banatutako hamar egunetan luzatuko dira. “Festa nahi dutenak etor daitezela Antiguara. Jaiak irekiak eta denentzat dira”, animatu ditu festa zaleak jai batzordeko kide Kepa Larreak.
Ekimen zerrendari gaur iluntzean hasiera emango badiote ere, ofizialki, ostiraleko txupina izango da sansebastianak piztuko dituena. Horren ondotik, auzotarren kuttunetako bat den poteo elegantea egingo dute. Lehen aldiz orain zortzi bat urte egin zutenean, 30 bat lagunek besterik ez zuten parte hartu. Iaz, aldiz, 200 inguru elkartu ziren. “Urteekin, txorakeria, barre egiteko edo mozorrotzeko gogoagatik gero eta lagun gehiagok parte hartzen du. Gainera, jaien lehen egunean egiten dugu eta jendea gogotsu izaten da”. Auzotik kanpokoentzat,ordea, erakargarriena asteburu honetan egingo dituzten zaldi lasterketak eta kontzertuak dira. Frontoian, Ze esatek edota Blakarekin batera, Antiguako Flash back eta 3 gabe 2 taldeen zuzenekoa izango da.
Film laburrak eta patata tortilla
Egun handia auzoa danborrez beteko duen San Sebastian izango den arren, bestelako egitekoek hartuko dituzte auzoko kaleak. Zaharrenentzako e
kimenak prestatzea “zaila eta egiteke” duten arren, adin guztietako jendeak ondo pasatzeko parada izango du datozen egunetan. Kulturari eskainitako txokoa hazi egin da aurten, Larreak barre artean onartu bezala, “parrandaz gain, beste zerbait egin beharko da”. Besteak beste, Mikel Laboa auzotarra omentzeko bertso lehiaketa egitea bururatu zitzaion Antiguako gazte asanbladari. Bospasei bertsolari gazteek parte hartuko dute hilaren 21ean Dokan egingo duten txapelketan.
Antiguako ahotsak literatur lehiaketa ere sortu dute, auzoko pertsonaia eta historia berreskuratzeko. Hauekin batera, koadrilen sormena probatuko dute berriro film labur txapelketarekin, eta jaiak amaitzeko, Mikel Gurrea auzokidearen lanak ikusgai izango dira, hilaren 26an, Lugaritzen.
Gastronomiak ere ezin jaiei hutsik egin eta, oraingoan ere, patata tortilla lehiaketari jarraipena emango diote. Oraingoan, ordea, Antiguako kontsumo taldeak hartu du norgehiagokaren ardura. Horregatik, hilaren 21ean arrautzopil goxoena egiten duenak, barazki ekologikoekin osatutako otarra jasoko du.
Gero eta parte hartzaileago
San Sebastian egunarekin batera, jaietako izarra koadrilen bazkaria da. Aurten 30 urte beteko dituzte blusek eta horrek areagotu egin dezake azken urteetako leku arazoa. 2010ean karpa jarri zuten Itsasmendin, aurten, aldiz, Ibaetarako frontoian egingo dute otordua. Larrearen ustez, “gehiegizkoa” da bazkariaren arrakasta. Aurten 30 urte betetzen dira. “Oraingoz, 550 lagun inguruk parte hartuko du. Espero dezagun gehiagok ez izena ematea. Urte batetik bestera hazten doa, jende berria hasten delako eta zaharrenak ez direlako erretiratzen”.
Berrikuntza gutxi izango dute aurtengo sansebastianek. Irudimenean aberatsak izanda ere, txanpon kontutan larriago baitabiltza jai batzordeko kideak. “Ez dagoen tokitik ere dirua ateratzen saiatzen gara. Aurtengo helburua diru gutxiagorekin iaz bezainbeste egitea zen. Gutxi gorabehera dena mantendu dugunez, pozik gaude”, aitortu du Larreak. Prestaketetan auzotarren laguntza izan du jai batzordeak. Festak iraun artean bildutako proposamenez gain, koadrilen bazkarian parte hartzen dutenei e-posta helbidea eskatu, eta egitaraua osatzen hastean, beraiekin bilera egin zuten, iradokizunak jasotzeko. Hurrengo egunetako antolakuntza lanak ere modu berean banatu dituzte, 50 bat laguneko taldea osatuz. Inoiz baino gehiago, antiguatarrek antiguatarrentzat eginak izango dira, beraz.
JAI EGITARAUA
Osteguna 13
- 20:00. VII. Eskuz binakako pilota txapelketaren finala.
- 21:30. Koadrilen film laburren emanaldia, Dokan.
- 22:00. Carlos Ramos eta Iñaki Iriarteren bakarrizketak, Dokan.
Ostirala 14
- 18:00. Corral kaos taldearen kale antzezlana, Gaskonia plazatik hasita. Ondoren, askaria Benta Berriko plazan.
- 19:00. Luntx herrikoia, Benta Berriko plazan.
- 19:30. Jaietako txupina. Ondoren, poteo elegantea auzoan barrena Iraunkorra txaranga eta Edabe magikoak lagunduta.
- 22:00. Antiguako taldeen kontzertua, frontoian: Flash back eta 3 gabe 2.
- 22:00. Mus txapelketa azkarra Txirain elkartean.
Larunbata 15
- 11:00. Txokolate jatea eta haur jolasak, Gaskonia plazan.
- 12:30. Kriki eta Kroki pailazoak, Gaskonia plazan.
- 13:00. Txirain elkarteak antolatutako toka txapelketa, Gaskonia plazan.
- 17:00. Mus txapelketa Antiguotarrak elkartean.
- 18:30. Buruhandiak eta trikitilariak, Jose Maria Sert plazan.
- 20:00. Companhia do Chopito taldearen La tempestad antzezlana, Lugaritz kultur etxean.
- 22:00. Antiguako 11. Rock jaialdia, frontoian. La pop’lla, Blaka eta Ze esatek taldeen kontzertua.
Igandea 16
- 10:30. Zaldi lasterketa.
- 17:30. Erramun Martikorena eta Mikel Markez, Dokan.
- 19:00. Companhia do Chopito taldearen La tempestad antzezlana, Lugaritz kultur etxean.
Asteazkena 19
- 18:30. Txokolate jatea eta haur jolasak, Gaskonia plazan.
- 19:00. Kalejira auzoan barrena, Iraunkorrak txarangarekin.
- 00:00. Ikurriñaren igoera Sansustene danborradak lagunduta, Benta Berriko plazan. Iraunkorrak txangaren emanaldia, gau osoan zehar.
- 00:10. Real Club de Tenis de Sansebastian danborradaren
irteera.
- 00:30. Zubimusu danborradaren irteera.
- 02:00. Santo Tomas Lizeoko Danborkide danborradaren
irteera.
Osteguna 20
- 07:00. Gazte danborradaren irteera, Alfontso XIII.a plazatik. p09:00. Kriki eta Kroki pailazoen emanaldia, Gaskonia plazan.
- 11:00. Istingorra danborradaren irteera.
- 17:00. Haur danborradaren, Ekintza danborradaren eta Benta Berriko Lagunak danborradaren irteera.
- 17:30. Txirain danborradaren irteera.
- 18:00. Antiguoko Kirol Elkartea danborradaren irteera.
- 21:00. Baso-etxea danborradaren irteera.
- 00:00. Ikurriñaren jaitsiera, Benta Berriko plazan.
Ostirala 21
- 19:00. Kontsumo taldeak antolatutako tortila txapelketa,
Dokan.
- 21:00. I. Mikel Laboa bertso sariketa, Dokan.
Larunbata 22
- 09:00. Bodyboard erakustaldia,
- 11:00. Ttuntturroak eta pertsonaia mitologikoak, auzoan barrena.
- 11:30. Koadrilen arteko desafioak, Gaskonia plazan.
- 13:00. Kantujira.
- 13:30. Satza auzokideari lore eskaintza.
- 13:45. Kalejira Irunkorrak txarangarekin, Benta Berriko plazatik Ibaetako frontoira.
- 14:00. Koadrilen bazkaria.
- 18:00. Koadrilen arteko jolasak.
- 19:30. Orkestra elektrotxarangaren emanaldia
- 23:00. Berbena Trakets taldearekin, frontoian.
Igandea 23
- 11:00. Txokolate jatea eta haur jolasak, Gaskonia plazan.
- 11:30. Herri dantza, frontoian.
- 13:00. Diva di palo kale antzezlana, Gaskonia plazatik irtenda.
- 17:00. Ttinbili Ttanbala taldearen 3, 2, Zast… egizu jolas antzezlana, frontoian.
- 18:30. Antiguako ahotsak literatur lehiaketaren sari banaketa, Dokan.
Asteazkena 26
- 19:00. Mikel Gurrea antiguatarraren egindako film laburren emanaldia, Lugaritz kultur etxean.