Ez da hasierako inor geratzen
Duela bost urte aurkeztu zuten Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari gisa. Santi Eraso eta Iñaki Galarragak osatu zuten zuzendaritza. Egun ez da zuzendaritza hartako kiderik proiektuan
Aurkezpen ofizialean Muñozekin izan ziren Iñaki Galarraga arkitektura zuzendaria eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusia. Negoziazio luze eta korapilotsuaren ondoren adostasuna lortu zuten ahaldun nagusi Joxe Joan Gonzalez Txabarrik, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu Miren Azkaratek eta Odon Elorza alkateak. Santi Erasok, proiektuaren edukien arduradun bezala, Galarragak eta Muñozek osatu zuten zuzendaritza. Hirurek hasieratik sinetsi zuten kulturaren garaikidearen nazioarteko gunean: «forma ematea egokitu zaigu».
Bost urte igaro dira ordutik, eta jada ez da lehen zuzendaritza hartako inor geratzen. Handik gutxira Artelekuko zuzendari Erasok arrazoi pertsonalengatik utzi zuen kargua. Galarragak, berriz, 2009ko ekainean dimisioa aurkeztu zuen: «Desadostasunak ñabardurengatik dira, ez funtsezko arrazoiengatik. Ez nago ados eraikina edukien mende jartzeko ideiarekin». Arkitektura lehiaketako proiektu irabazlea hautatu eta handik gutxira joan zen Galarraga. Jon eta Naiara Monteroren proiektuak, Hiru lerroan, aurrera egin ahal izateko bidea zabalik zen. 75 milioi euroko aurrekontuko lana 2013rako inauguratzeko asmoa zuten.
Proiektuan izan diren aldaketek ika-mika handia piztu dute antzinako tabako fabrika kultur fabrika bihurtzeko egitasmoa abian jarri zenetik. Iaz, maiatzaren 31n hondea makinak lanean hastear zirenean, alkateak prentsan egindako adierazpenek proiektua kolokan jarri zuten. Krisi ekonomikoa dela eta aldi baterako atzeratzea proposatu zuen: «Une honetan ez daude gauzak duela hiruzpalau urte bezala, eta hortaz, ikusi egin behar da egitasmoa geldi daitekeen zentzuzko denbora batez. Atzera bueltarik gabe geratu aurretik komeni da planteamendua egitea». Muñozek alkateak luzamendua eskatzeko asmoen berri ez zuela argi utzi nahi izan zuen: «Igandean, berri horrekin egin nuen topo egunkarian eta makina bat deirekin; eta baita bezperan, gauez, alkateak bidalitako sms batekin ere. Alkatearen proposamena El Diario Vasco irakurtzen duten guztiek ezagutu zuten une berean ezagutu nuen nik ere».
2010eko maiatza, une korapilatsuena Hiru erakundeek bilera egin zuten eta berritze lanak bertan behera geratu ziren. Muñozek dimisioa aurkeztu zuen maiatzaren 21ean, bezperan, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak proiektua berdimentsionatzeko hartutako erabakiaren ondorioz: «Urte hauetan zehar defenditu dudan proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun kontzeptu eta ideiekiko, eta proiektuan inplikatu ditugun pertsona eta erakundeekiko konpromisoagatik Tabakalerako zuzendari nagusi gisa nire dimisioa aurkezteko erabakia hartu dut», adierazi zuen Muñozek bilera egin, eta hurrengo egunean. Tabakalerako kudeatzaile izandako Miriam Anitua izendatu zuten behin behineko zuzendari.
Muñozen lan taldeak gutun ireki batean, zuzendariari, egindako lana eskertu zioten:«Proiektuarekiko koherentziagatik eta errespetuagatik hartutako erabakiarekiko errespetua eta babesa azaldu nahi diogu uneoro transmititu digun ilusio eta konfiantzagatik, eta asmo handiko proiektu berritzaile hau kriterio egokiz gidatzeko erakutsi duen gaitasunagatik».
2015erako Tabakalerak ateak zabaltzea aurreikusi zuten azken bileran, abenduaren 15ean -hainbat aldaketekin jatorrizko proiektuarekin alderatuta-. Berritze lanak, berriz, apirilerako. Zuzendari berria bilatzeko hautaketa ere laster hasiko da.