Danborra eta dominez gain, beste omenaldiak ere badira
Festaren edo hiriaren alde egindako lana ezagutuko diete hainbat laguni hiriko zenbait danborradek
Urrezkoak dira San Sebastian egunean omendu nagusiek jasotzen dituzten oroigarriak. Xabi Alonsok jasotako danborra eta Udalbatza aretoan bihar eguerdian banatuko diren domina urreztatuez gain, ordea, hainbat elkartek ere gorazarre berezia prestatu dute.
Erdialdeko danborradek urtero azken 30 urteetan Txubilloko Danbor Nagusia izan den Juanfran Pardavila omenduko dute. Azken aldiz zuzenduko duen danborrada irtetean egingo dute, bihar, 16:30ak aldera, eta Erdialdeko danborrada guztien ordezkariren bat izango da. Ekitaldiaren nondik norakoak ez dituzte azaldu nahi izan, Pardavilarentzat ezustekoa izan dadin. Lekukoa hartuko duen Rodolfo Jareñoren hitzetan, «albiste kolpe gogorra izan da guretzat asko maite dugun kidea delako. Gure errespetu eta babesa du eta merezi duen omenaldia egingo diogu». Jareñok ez zuen kargu berria egokitzea nahi ezta espero ere. «Berak aukeratu ninduen 31 urte daramatzadalako Txubillon. Ohorea eta erantzukizun handia da. Datorren urtean niri egokituko zait Danbor Nagusia izatea, ordezkatu nahi nauen inor aurkitzen ez badut».
Hiriko jai handiarekin lotura estua izan duen beste gizon bat gogoan hartuko San Ignazio Ikastetxean. Orain gutxi hil den Gonzalo Perez Manso irakaslea, hain zuzen ere. Perez Manso ikastetxeko haur danborradaren arduradun izan da 50 urte baino gehiagoz. Senideek Nafarroa Beherea plazan duten etxe aurrean Sarriegiren martxak joko dituzte, bihar, 10:15etik aurrera.
Auzotarrak eta kanpokoak
Amara Berri Ikastetxeak bere lanarengatik nabarmendutako auzoko pertsona edo elkartea goratu ohi du Ohorezko zapiarekin. Armeria plazan gauerdian jasoko du Zorroaga egoitzak jasoko du aintzatespena, iaz mendeurrena ospatu baitzuen. Intxaurrondoko Intxaur Txiki Elkarteak, aldiz, etxeko laguntzaileen ASADE sindikatuko ordezkari Eukene Pardo Carasari eta Arantxa Guemberi egingo die gorazarrea. Haurren eta emakumeen aurkako indarkeriaren eta eskola jazarpenaren kontra egindako lanarengatik Urrezko intxaurrondoa emango diete. Sagastieder plazan, bihar, 19:00etan.
Hiritik kanpokoa da Anastasio peñaren omendua. Madrilgo Jai Alai Danborradak hiriko festaren alde egindako ahalegina ezagutuko dute. Izan ere, 42 urte daramatza Madrilen bizi diren donostiarrei jaia bizitzeko aukera eskaintzen. Elkarteko talde guztiak 16:30ean irtetean egingo dute ekitaldia.
Tradizio luzea duten omenaldiekin batera, sortu berri denik ere bada. Euskal Bilera elkarteak, lehenengoz emango du bere Urrezko Makila. Aintzatespena Union Artesanaren Danbor Nagusi Iñaki Barrena izango da. Urte luzetan egin duen moduan, azkenekoz, banderaren jaitsieran Sarriegiren martxak zuzendu aurretik, iluntzeko 22:00ak aldera omenduko dute.