Nafarroan jatetxea duen donostiar batek har dezake Basolluaren ardura
Udarako, eta baliteke Aste Santurako ere, donostiar askoren bilgune izan den Uliako askaltegiak ateak ireki ditzake berriz. Zaharkituta zegoen plater tiroko eraikina goitik behera txukundu dute, eta bertan zabalduko duten jatetxearen kudeatzailea aukeratzeko lehiaketa aurrera doa. Udal Gobernuak, hain justu, behin behineko esleipena burutu du eta Gonzalo Fernandez Echeverriak jaso du puntuaziorik handiena. Echeverriak Nafarroako Sorauren herrian -Iruñeatik bederatzi bat kilometrora- du Txarrantxena jatetxea, Bartzelonako Ana Lopez de Lamadrid Satrusteguirekin batera. Izen handiko sukaldarien lapiko artean ibilitakoak biak ere.
Behin betiko erabakia ezagutzeko, bada, beste hamabost bat egun beharko direla kalkulatu dute udal arduradunek. Egunotan, beraz, lehiaketan parte hartu duten lau hautagaiek nahiz beste edonork zuzenketak aurkezteko aukera izango du.
Udalak finkatutako oinarrien arabera, Basolluan jatetxea jarri nahi duenak, gutxienez, 40.000 euroko inbertsioa egiteko prest beharko luke. Gonzalo Fernandez Echeverriak egin duen eskaintzan zehazten den bezala, 70.000 eurokoa izango da egingo duen inbertsioa (30.000 euro eraikinean lanak egiteko eta 40.000 euro beharrezko tresnaz hornitzeko).