Xabi Alonsoren esanetara
Xabi Alonsok Urrezko Danborra jaso du udaletxean, La Oreja de Van Gogh musika taldeari lekukoa hartuz. Antiguoko, Eibar, Reala, Liverpool, Real Madrid… gaztea izan arren, tolosarrak zaleen mirespena jaso du han eta hemen.
1981
Tolosatik Bartzelonara. Xabi Alonso Tolosan jaio zen, 1981eko azaroaren 25ean. Realeko eta Barcelonako futbolari ohi Periko Alonsoren semea da eta bere bi anaiek ere, Mikelek eta Jonek, futbolarekin lotura zuzena dute. Izan ere, lehenak Bigarren Mailan ari den Tenerifen jokatzen du gaur egun eta bigarrena epaile gisa ibiltzen da. Jaio eta handik zortzi hilabetera Bartzelonara joan zen gurasoekin, talde katalanak aita fitxatu baitzuen.
1988
Bartzelonatik Donostiara. Barcelonan jokatu eta gero, 1988an, aitak Sabadellen amaitu zuen bere kirol ibilbidea jokalari gisa. Horrenbestez, Alonso familia Donostiara itzuli zen. Xabi txikiak sei urte besterik ez zituen eta baloiari lehen ostikadak ematen hasia zen dagoeneko. Kontxako hondartzan lehiatu zen, esate baterako.
1989
Atotxara, aitonarekin. Aitak Sanse entrenatzen zuenez, aitonarekin joaten zen Atotxara Reala ikustera.
1992
Maradonarekin, solasean. Barcelona Donostiara etortzen zenean hotelera joaten zen autografo bila. Dream Team-en garaia zen eta jokalari horien sinadurak lortzea ilusio handia egiten zion. Maradona ezagutu zuen eguna ez du inoiz ahaztu. Aitak Bartzelonan ezagutu zuen argentinarra eta, Sevilla taldean ari zenean, berarekin egoteko aukera izan zuen andaluziarrak 1992ko abenduan Donostiara etorri zirenean Ligako partida jokatzera. Freskagarria hartu zuen Maradonarekin eta honek, agurtzeko, bi musu eta guzti eman zizkion.
1997
Irlandan, egonaldia. Futbolean zebilen buru-belarri, baina ikasketak alde batera utzi gabe. Hain zuzen ere, ingelesa behar bezala ikasteko, 16 urte zituela, Irlandako iparraldeko Kells hirira bidaia egin zuen. Futbol gaelikoa ezagutu zuen bertan. Oraindik orain, kirol hori asko maite du eta Meath GAA taldeko jarraitzailea da.
1999
Antiguokoko harribitxia. Erdilari tolosarrak Realeko begiraleen arreta bereganatu zuen Antiguokon jokatzen zuenean. Txuri-urdinen lehen taldearekin 1999ko abenduan egin zuen debuta, Javier Clemente entrenatzailearen eskutik, Logroñesen aurkako Kopako partida batean. Egun hori gazi-gozoa izan zen Alonsorentzat, errioxarrek donostiarrak kanporatu baitzituzten Anoetan irabazita. Hitz onak ditu debutatzeko aukera eman zion entrenatzailearentzat. «Sansetik igotzen ginenean, gurekiko jarrera oso ona zen, debutatzeko aukera ere eman zigun eta, beraz, ausarta dela erakutsi zuen».
2000
Eibarrera, utzita. Javier Clementek Eibarren utzita jokatzeko parada eskaini zion 2000-2001 denboraldian. Talde armaginak Lehen Mailara gerturatu zuen tolosarra, bertan zaildu baitzen, minutu asko jokatuta. «Futbol munduan egon daitekeen aldagelarik onenetakoa» bertan ezagutu zuela aitortu izan ohi du.
2001
Debuta, Lehen Mailan. Kopan Logroñesen aurka estreinatu zen bitartean, Lehen Mailan 2001eko urtarrilean egin zuen debuta Realarekin. Taldea larri zebilen, azken postuan, eta John Toshack txuri-urdinen aulkira itzuli zen taldea egoera zail horretatik ateratzeko asmoz. Galestarraren lehen erabakietako bat Alonso Eibarretik berreskuratzea izan zen. Azkenean, donostiarrek jaitsiera ekiditea lortu zuten denboraldi horretan.
Lehendabiziko hiruzpalau partidak aulkitik ikusi bazituen ere, nahiko azkar sartu zen hasierako hamaikakoan. Eta garrantzitsuena, titular postuari eutsi zion. Harrobiko gazteen ispilu bilakatu zen berehala. Hori bai, futbolatik at, edozein gazteren zaletasunak zituen garai hartan. Arrantza egitea gustuko zuen, kainabera hartu eta Oriora, Zumaira edo Hondarribira joaten baitzen lagunekin futbola ahaztu nahi zuenean. Musikari dagokionez, Nirvana, The Beatles eta U2 zituen gogoko. Tolosako inauteriak eta San Sebastian eguna jaien agendan zituen, baina partidak zirela-eta jada ezin zituen nahi bezala gozatu.
2003
Denboraldi aparta. Reala LIga txapelketa irabazteko zorian egon zen 2002-2003 denboraldian, Alonsoren gidaritzapean. Bigarren postua eskuratuta, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen eta Real Madriden atzetik bukatu zuen bi puntura bakarrik. Don Balon aldizkariak denboraldiko Espainiako futbolari onena izendatu zuen tolosarra. Iñaki Saezen eskutik, Espainiako selekzioaren egin zuen debuta, 2003ko apirilean, Ekuadorren aurkako lagunarteko partida batean. «Baloia bikain banatzen du eta futbola izugarri ondo ikusten du», adierazi zuen Saezek.
2004
Liverpoolera. 2004ko abuztuan, Rafa Benitezek entrenatutako Liverpoolek akordioa sinatu zuten Realarekin Alonso fitxatzeko. 12 milioi euro ordaindu zituzten Anfield Roadeko gorriek euskaldunarengatik. Abuztuaren 29an egin zuen debuta Premiershipen, Boltonen kontra. Urte hartan Portugaleko Eurokopan parte hartu zuen, Espainiako selekzioarekin.
2005
Hiru hilabete, lesionatuta. 2005a ez zen ondo hasi Alonsorentzat, Chelsearen aurka jokatutako urteko lehen partidan txorkatilan min hartu baitzuen Frank Lamparden sarrera gogor baten ondorioz. Hiru hilabete behar izan zituen osatzeko.
Liverpoolek bosgarren postuan amaitu zuen Liga, emaitza kaskarra, baina Txapeldunen Ligan gorenera iritsi zen. Hain zuzen ere, Milani finalean penaltietan irabazita, Europako txapeldun bilakatu zen Istanbulen. Atsedenaldian 0-3 galtzen zuten gorriek, baina bigarren zatian emaitzari buelta eman zioten. 3-3koa Alonsok sartu zuen, berak huts egindako penalti baten aldaratzea jaso eta gero. «Nire kirol ibilbideko unerik ederrena da hau», adierazi zuen tolosarrak.
2006
Bi gol, zelai erditik. Jokoa banatzeaz gain, Alonso iaioa da areaz kanpoko jaurtiketetan; urruti urrutitik jaurtitzen, kasu. Zentzu honetan, 2006an bi gol sartu zituen bere zelaitik egindako jaurtiketen bitartez. Urtarrilaren 7an, Luton Town taldearen aurka atsedenaldian 3-1 galtzen zela, Liverpoolek FA Cupetik kanpo ikusten zuen bere burua hirugarren kanporaketan. 3-5 irabazten bukatu zuten gorriek, Alonsok lortutako bi golekin, horietako bat kanpo erditik. Gerora Liverpoolek FA Cup irabaztea lortu zuen. Irailaren 20an, aldiz, Newcastle taldeari Ligan 2-0 irabazitako partidan, beste gol bat sartu zuen bere zelaitik jaurti egin eta gero. Bere ibilbidean lortutako golik ederrena izan zela esan zuen tolosarrak.
2007
Kontratua, berrituta. 2007ko ekainaren 8an, bost urte gehiagorako luzatu zuen bere kontratua Liverpoolekin. «Banekien beste talde batzuen interesa zegoela, baina nire ideia beti izan da hemen geratzea. Hiru denboraldi daramazkit eta kluba zein zaleak asko maite ditut. Liverpool hainbat pertsonentzat zein garrantzitsua den ulertzen dut. Klub berezia da oso eta nik ez nuen alde egin nahi», azaldu zuen.
Txapeldunen Ligako finalera iritsi zen berriz Liverpool, eta Milan izan zen aurkaria berriro. Alonsok partida guztia jokatu zuen, baina bere taldeak 2-1 galdu zuen Atenaseko finalean. Pippo Inzaghi, bi golekin, izan zen britainiarren borrero.
2008
Ehungarren partida. 2008ko urtarrilaren 12an, Premiershipen jokatutako ehungarren norgehiagokari ekin zion Middlesbrough taldearen aurka.
pBenitezekin, talka. Ordura arte taldean garrantzi handia izan arren, Benitezekin izandako tirabira batzuen ondorioz, Alonso deseroso sentitzen hasi zen Liverpoolen.
2009
Real Madridera. Alonsok transfer request neurriari heldu zion udan, hots, Premiershipeko jokalariek taldez aldatu nahi dutenean klubarekin konponbide batera iritsi nahi dutenean betetzen duten izapideari. Real Madridek fitxatu zuen, eta abuztuaren 5ean zuriekin aurkeztu zuten. 30 milioi euro inguru ordaindu zituzten espainiarrek. «Oso pozik nago munduko klub onenean egoteagatik», adierazi zuen tolosarrak.
Abuztuaren 30ean jokatu zuen Real Madridekin lehen partida ofiziala. Ligako norgehiagoka hartan zuriek 3-2 irabazi zioten A Coruñako Deporri Santiago Bernabeun.
2010
Lehen gola. 2010eko otsailaren 21a arte ez zuen bere lehen gola sartu zuriekin. Santiago Bernabeun izan zen, Villarrealen aurkako Ligako partidan. Etxekoek 6-2 irabazi zuten eta gipuzkoarrak penaltiz lortu zuen gola.
Real Madrid Txapeldunen Ligatik kanpo geratu zen martxoaren 10ean, Olimpique Lyonnaisek final-zortzirenetan kanporatuta. Joaneko partidan 1-0 galdu zuten madrildarrek Frantzian. Itzulerakoan, Xabi Alonsok ezin izan zuen jokatu txartelengatik zigortuta zegoelako. Taldeak asko nabaritu zuen bere hutsunea eta kanporaketari buelta emateko gai ez zen izan, 1-1eko emaitzarekin amaitu baitzen norgehiagoka.
Reala Lehen Mailara itzultzearekin batera, Alonso ere Anoetara bueltatu zen irailean. Real Madridek 1-2 irabazi zuen.
2011
Urrezko Danborra. Tolosarrak Urrezko Danborra jaso du San Sebastian egunaren bezperan, futbol estadioa bailitzan, lepo betetako udalbatza aretoan. «Azken urteotan, kanpoan izan arren, danbor hotsek sortutako dardara gure bihotzetara iritsi da», esan du hunkituta.