Donostiako Nazioarteko Krosak denboran atzera egin nahi du
Donostiako Nazioarteko Krosak historia luzea izan arren, desagertzeko arriskuan izan da azken urteotan. Datorren igandean 56. ekitaldia beteko duen probak, baina, behar zuen laguntza jaso zuen iaz. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Atletismo Federazioak eta Fly Group enpresak joan den ekainean sinatutako akordioari esker, Donostiako hipodromoan antolatzen duten hitzorduak ez ezik, 15 kilometroko Klasikoak eta Nazioarteko Maratoiak ere bermatuta dute etorkizuna. Hots, hirian egiten diren hiru lasterketa nagusiek.
Federazioak lasterketen kirol arloa beregain hartzen jarraitzen badu ere, hitzarmenaren arabera, Fly Group da marketing, komunikazio eta arlo ekonomikoaz arduratzen dena. Kontxako Motokrosa edota Espainiako Motocross Txapelketa bezalako jardueretan eskarmentua duen taldea iazko 15 kilometroko Klasikoan eta Maratoian estreinatu zen antolakuntza lanetan; azken asteotan, berriz, hiriko lasterketarik kuttunenetakoari heldu diote. Iraganeko espiritua berreskuratzea eta hipodromoan jokatzen den lasterketa benetako ikuskizuna bihurtzea dute erronka. Helburu hori bideratzeko lehen aukera izango dute datorren igandean.
Zatopeken garaia
Donostiako Nazioarteko Krosa izan zena berreskuratzea ez dute batere erraza izango, laskerketak oihartzun handia izan baitzuen garai batean. Emil Zatopek txekiarrak, esaterako, proba entzutetsu bilakatu zuen. Hain justu, lasterkari handiak hipodromoan amaitutzat jo zuen bere kirol ibilbidea; garaipenarekin, gainera.
1958. urtean izan zen, krosaren hirugarren ekitaldian. 35 urte zituen eta, Olinpiar Joko desberdinetan urrezko lau domina zintzilikatu eta beste hainbat txapelketa eskuratu ostean, atletismoa uzteko zorian zegoen. Hegazkina hartu zuen Donostiara etortzeko, eta Pariseko Orly aireportuan egin zuen eskala. Hegazkinetik jaitsi bezain pronto, argazkilari eta kazetari mordoa ikusi zuen, baina aduana pasa eta gero jada ez zen inor geratzen. Izan ere, komunikabideak ez ziren berarengatik bertaratu, beste hegazkin batean Londresetik etorri berria zen Elizabeth Taylor aktoreareak erakarrita baizik. Zatopek, jada, ez zen horren entzutetsua.
Hirian, ordea, txapeldun batek merezi duen ohorearekin hartu zuten. Lasterketan ez zuen hutsik egin eta garaipena eskuratu zuen. Horren truke, txapela, garaikurra eta txakur bat oparitu zioten. Dana Zatopkovak, Zatopeken emazteak, Pedro izena jarri zion urte luzez zainduko zuten txakurrari.
Hurrengo urtetan, beste hainbat korrikalari handi irten ziren garaile hipodromotik: Alain Mimoun, Mamo Wolde, Mohamed Gammoudi, David Bedford, Mariano Haro, Paul Kipkoech, John Ngugi eta Haile Gebreselassie atletak, besteak beste.
Faboritoak
Igandeko lasterketan ariko diren izen nagusiak atzo egindako aurkezpenean jakinarazi zituzten. Gizonezkoetan hauek izango dira, ezustekorik gertatu ezean, garaipenaren jokoan lehiatuko direnak: Serge Lebed ukrainarra, Kiprono Menjo, Titus Mbishei eta Jacob Cheshari keniarrak, Scott Overall britainiarra eta Sergio Sanchez, Ricardo Serrano eta Alberto Lozano espainiarrak. Hauen artean Kiprono Menjo nabarmentzen da, Nazioarteko Krosa eskuratu baitzuen 2008an.
Emakumezkoei dagokionez, duela bi urteko txapeldun Eunice Jepkorir keniarra ere da faboritoetako bat. Hauek izango dira bere arerio nagusiak: Nuria Fernandez, Gema Barrachina eta Marisa Casanueva espainiarrak, Rebeca Cheptegei ugandarra, Frehiwat Goshu etiopiarra, Soud Kambouchia marokiarra eta Irene Alfonso euskalduna.
Mendi martxa eta ibilgailu klasikoen kontzentrazioa, aukeran
Hamar kilometroko lasterketa nagusia 12:45ean hasiko da igandean, baina 10:30etik aurrera gazte mailako lehiei ekingo diete.
Lasterketa ikusteaz gain, herritarrek beste ekimen batzuk izango dituzte aukeran. Honen harira, Club Vasco de Campingek mendi martxa antolatu du hipodromora joateko. Irteera 9.15ean izango da Antiguako Jose Maria Sert plazatik. Bederatzi kilometroko ibilbidea egingo dute. Bestalde, jarduerekin jarraituz, ibilgailu klasikoen kontzentrazioa egingo dute hipodromoko aparkalekuan.