Otsailaren 16an inauguratuko dute Zuatzuko ikus-entzunezkoen Gunea
Zuatzuko industrialdean dagoeneko langileen joan-etorria handia bada, datorren hilabetetik aurrera are handiagoa izango da, otsailaren 16an inauguratuko dutelako Sustapen Elkarteak eraiki duen Ikus-entzunezkoen Gunea. Alorreko 60 bat enpresek izango dute bertan egoitza eta, jada, ia erdiak egin du Zuatzura joateko eskaera.
Datozen asteetan, gainera, kopuru honek gora egiten jarrai dezake, Sustapen Elkartea ikus-entzunezko sektorean lanean ari diren inguruko enpresekin ari baita harremanetan, Zuatzuko Ikus-entzunezkoen Guneak eskainiko dituen aukera zabalen berri ematen.
Ekipamendu berriak hiru dimentsioko produktuekin lanean ari diren taldeak, telebistan ari direnak, publizitate alorrekoak; alegia, ikus-entzunezko sektoreak dituen hamaika adarretako enpresak bildu nahi dituzte Zuatzun. Horretarako, 50 eta 300 metro koadro bitarteko eremu moldagarriak jarri dituzte enpresen eskura, kalitate handiko teknologiarekin egokituta denak. Lokal horietan lan egiteagatik, gainera, 8,5-10,5 euro arteko alokairua ordaindu beharko dute enpresek hilabetero.
Ekipamendu bateratuak
Ikus-entzunezkoen Gunea bi eraikinetan dago banatuta. Hauek, hala ere, elkar loturik egongo dira, gune honen erronka nagusienetako bat, ikus-entzunezko enpresen arteko egitasmo bateratuak sortzea izango delako.
Bi plato izango dira bertan lanean ari direnek komunean izango dituzten eremu nagusiak. 80 metro koadro izango ditu batek eta 120 besteak. Programa birtualekin zein arruntekin lan egiteko kamerak, bideo eta audio mahaiak, kontrolak eta punta-puntako beste zenbait tramankulu izango dituzte denek erabilgarri. Platoetan landutako produktua txukuntzeko, postprodukzio gelak izango dituzte, halaber.
Hiru postprodukzio gelekin batera, erabiltzaileentzat arrotzak izan daitezkeen teknikak ikasteko trebakuntza saioak izango dituzte Ikus-entzunezko Gunean dabiltzan langileek ere.
Datorren hilabetetik aurrera estreinatuko diren gela eta tresnei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko gogoa duenak, oraindik ere, Sustapen Elkartera -www.fomentosansebastian.org webgunea eta 943- 482800 telefonoa ditu eskuragarri- jo dezake informazio eske.