Urumearen hilobitik sorlekura
Mendi ibilaldi zoragarriak egiteko ez dago Alpe edota Pirinioetara joan beharrik. Horretaz jakitun, Vasco de Camping elkarteko kideek Urumeako itzulia izeneko irteera sorta antolatu dute. Igandean egin zuten Donostiako ibaiari bira egiten dion ibilbidearen lehen etapa.
Guztira 70 bat lagun bildu ziren, hiria zeharkatzen duen ibaiaren sorlekua ezagutzera joateko. Zurriolatik irten, eta Adarra mendiaren inguruan dagoen Urumearen jaiotze puntura iritsi ziren lehen irteeran. Horretarako, baina, Aldapetatik gora Aiete eta Oriamendirantz jo zuten, geroago Basabiraino iristeko, Santa Barbara eta Urnieta herria zeharkatuta.
Hipodromora, doan
Urumeako itzuliaren bigarren etapa noiz egingo duten zehaztu ez badute ere, Vasco de Camping elkarteak igande honetarako hiritik bertatik irtengo den ibilaldia prestatu du, ohikotzat duen Donostiako Nazioarteko Krosera Martxa gauzatuko dutelako.
Benta Berriko Jose Maria Sert plazan egin dute hitzordua, 9:15ean. Bertatik, Zubietako hipodromora joango dira, 11:00ak aldera bertan izateko asmoz. Ibilaldian parte hartzeko izena emateko beharrik ez da izango; bai, ordea, garaiz egotekoa. Irteeran parte hartzen dutenek doan ikusi ahal izango dute Nazioarteko Krosa hipodromoan.