ACBko Eskolarteko Serietako ligaxkako finalean izango dira La Salle eta Usandizaga
ACBko Eskolarteko Serietako finalak jokatuko dituzte ostiral arratsaldean, Donostia Arenan, GBCk antolatutako ligaxkari bukaera emateko. Emakumezkoetan, La Salle ikastetxeko taldea izango da finalistetako bat, final aurrekoetan Urolari irabazi ostean. La Salleren aurkaria Azpeitiako Iraurgi izango da (17:30). Gizonezkoetan, berriz, Usandizaga eta Iraurgi lehiatuko dira (19:15). Irabazlea bigarren fasera igaroko da eta txapelketako gainontzeko talde onenekin lehiatuko da. Zehazki: Bizkaia Bilbao Basket, CAI Zaragoza eta Caja Laboral taldeek antolatutako kanporaketetako irabazleekin.
Txapelketa seigarren urtez jarraian antolatu du ACBk, saskibaloiaren harrobia sustatzeko asmoz. Iazko abenduaren 15ean jokatu zituzten lehenengo lehiak eta bi fasetan banatua dago txapelketa. ACB Ligan lehiatzen diren 18 klubetako bakoitzak ligaxka bat antolatu du bere hirian, bai emakumezko bai gizonezko mailetan. Iaz Zurriola ikastola izan zen emakumezko kategoriako txapelduna.