Nestor Basterretxea, inoiz baino biziago
Lanik berrienak azken 50 urteetan egindakoekin batera aurkeztu ditu Nestor Basterretxeak Groseko Kur galerian.
87 urte beteko ditu hurrengo maiatzean, baina ez du erretiroa hartzeko asmorik, ezta atseden hartzeko ere. Hain zuzen ere, bizirik dagoela, «oso bizirik», erakusteko egin du Kur galerian inauguratu berri duen erakusketa: «Hainbeste denbora igaro ondoren jendeak pintatzeari utzi diodala uste du eta sentsazio hori desagerraraztea interesgarria zela pentsatu nuen». Kubo aretoan eta San Telmo Museoan -eraikina itxi baino lehen- izan dira ikusgai azken aldiz Basterretxearen artelanak Donostian.
Atzera begirako baten moduan prestatu du Groseko galerian erakusketa. Ilargiaren inguruan egindako egurrezko maskara batzuk dira pieza zaharrenak. Serie cosmogonica-ko hemezortzi lanetatik abiatutako maskarak dira: «Indar handia dute, niri horrela gustatzen zait»,
1936ko gerran erbestean izan zen Basterretxea, baina bere ibilbidean gai garrantzitsua izan da. Gernikako bonbardatzearen 50. urtemugaren harira kuadro handi bat egin zuen -«ezer gutxi egin daiteke Picasso eta gero…»- eta lehen obra hartatik serie berri bat egin zuen lehen margolan hartan marraztutako sinboloekin. Horietatik hiru ikus daitezke Kur galerian.
Zuria eta beltza Erakusketan zuria eta beltza dira kolore nagusiak: «Garrantzia handia ematen diot dotoreziari, eta bi kolore horien nahasketa oso dotorea da». Kolore biziko metalezko eskultura batzuk pintura zuriz estali ditu, esaterako: «Latinoamerikan zehar egindako bidaia luze naten ondoren egin nituen. Eskultura azteka haiek izugarri gustatu zitzaizkidan eta eragin handia izan zen. Baina areto zuri honetara ekarri nituenean… zuriz margotu nituen, ez naiz damutzen».
Hurrengo hiru hilabeteetan zabalik izango da Basterretxearen garai desberdinetako lanak biltzen dituen erakusketa. Apirilaren 28a arte izango da ikusgai.