Errezeta hobetzeko osagai berriak
Ikasteko grina dugu, interesatzen zaizkigun diziplinekin elkarreraginez haztekoa», Euro Toqueseko lehendakari Pedro Subijanak adierazitako nahia asetzea xede du bi urtean behin egiten duten Dialogos de cocina nazioarteko biltzarrak. Akelarre jatetxearen buruak adierazi arren, ideia Andoni Luis Adurizi bururatu zitzaion orain lau urte. Nazioarteko egile sukaldaritzari eta bost zentzumenei eskainitako topaketen ondotik, aurtengoak lidergoa, motibazioa eta hazkunde pertsonala ardatz izango ditu.
Martxoaren 14a eta 15a bitartean egingo dutena, beraz, hirugarren topaketa izango da. Miramongo saiakeraren ondoren, lehen bilkuraren lekuko izan zen Miramar Jauregira itzuliko dira. Izan ere, Subijanaren hitzetan, lekua eta baliabideak mugatuagoak izan arren, estreinaldiko “intimitatea eta giro berezia berreskuratu nahi ditugu”; 250 lagunentzako lekua duen “aretoaren gertutasunak hizlariekin lotura eta elkarrekintza errazten baitu”.
Besteekin ikasi
Sukaldaritza beste diziplina batzuekin harremanetan jartzea da topaketaren helburua. Nazioarteko adituek lidergoa edota motibazioari garatzeko emandako hitzaldien bidez, hausnarketarako eta sormenerako sinergiak eratu nahi dituzte. “Guk ulertzeko moduan ezagutza jaso eta beste ikuspegi batzuk ezagutu”, laburbildu zuen Subijanak. Besteei ireki, ikasi eta partekatzeko bokazioa dute sukaldariek. Izan ere, beste kultura eta ezagutza alorrek sukaldaritza berritu eta hobeto ulertzeko ikuspuntu berria izan nahi baitute. Euskal sukaldarien begirada berezi hori da Juan Mari Arzaken ustez, beraien bereizgarri nagusia. “Zientziarik gabe garapenik ez dago. Gure irudimenarengatik izan dugu arrakasta. Berezia da eta hainbat gauzetan lider izatea ahalbidetu digu”.
Nagusitasun horren jakitun dira hemengo sukaldariak eta hori ere zabaldu nahi dute jardunaldi hauekin. “Ekimen gastronomikoetan munduko polo garrantzitsuena garela erakutsi nahi dugu”. Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizega areago joan zen, eta sukaldaritzaren oinarrizko balore diren lidergoa, sormena, egokitzapena bezalakoetan sakonduz, “hausnarketa gastronomikoan ere polo izan gaitezen” desioa agertu zuen. Irailean inauguratuko den gastronomia fakultateak antolatu du bilkura, orain arte ardura bakarra izan duen Euro Toquesekin batera.
Adurizek argitu zuenez, “ordain dezakeenaren eskura baino, ikasi nahi duenaren eskura jarri nahi dugu jakintza”. 354 euroko matrikula garestia dela ohartuta, hitzaldiak edonoren eskura jarriko dituzte www.dialogosdecocina.com webgunean. Izena emateko, inscripciones@dialogosdecocina.com helbidera idatzi behar da.
Egitaraua
Martxoak 14- 09:30. Aurkezpena
- 10:00. Nola izan gaitezke lider, Mario Alonso Puig
- 11:00. Taldeak: bakarretik infinitura. Norberekeria eta gatazka gainditzea, AzucenaVega
- 12:30. Baloreak eta lidergoa, Jose Antonio Marina
- 13:30. Bazkaria
- 15:30. Rethink. Nigel Barlow
- 16:30. Bikaintasuna, Miguel Beato
- 17:30. Mahaingurua: Pertsonak motibatzerakoan zein den norberaren ardura eta zein erakundeen ardura
- 10:00. Benetako poztasuna, Martin Seligman
- 11:00. Malgutasuna eta moldagarritasuna, Fidel Delgado
- 12:30. Talentuaren garatzea, Luis Huete
- 13:30. Bazkaria
- 15:30. Sormena eta jakin-min begirada,Toni Segarra
- 16:30. Optimismoa eta umore ona, Luis Rojas Marcos
- 17:30. Mahaingurua: Nola lor ditakegu hazkuntza pertsonala bultzatuko duten giroak