Ur hotzari... beldurrik ez
Lan ordutegiak uzten dituen tarteetan, eguraldi iragarpenari begiratua egin, neoprenozko trajea jantzi eta olatuak hartzera jaisten dira Zurriolara surfaren zale asko, baita neguan ere. Azkeneko egunotako eguzkiak lagunduta, ez dira gutxi izan plan horri ekin diotenak, nahiz eta uraren tenperatura 12 graduren bueltan dabilen.
Zurriolaren, zein Europako beste hondartzen, iragarpena begiratzeko, Groseko Indarra Surf Taldeko kide Jesus Jimenezek euskaraz ere azaltzen den www.windguru.cz/baq/ webgunea aholkatu ohi du . «Oso osoa da, olatuen ezaugarriak eta eguraldia nolakoa izango den ere esaten du».
Toya egiatarrak webgune horretan begiratu zuen astearte gauean, eta atzo goiz jaikitzea erabaki zuen. Lanera joan baino lehenago surfean aritzeko asmoa bete du. «Ordu eta erdi egon naiz, gaurko eguraldiarekin merezi zuen bainua eta olatu batzuk hartzera hondartzairaino jaistea».
Irribarrea ezpainetan irten da uretatik eta dardar txikia gorputza osoan duela hauxe gaineratu du: «Neoprenoarekin ez duzu hotz handirik pasatzen eta modu honetan neguan ere ibil zaitezke uretan». Egiako emakume honen moduan, beste surflari asko ibiltzen da urte sasoi honetan. «Groseko Indarra Taldean 250 bat lagun gaude», azaldu du Jimenezek. «Horietatik gehienok ibiltzen gara udan, baita neguan ere. Elkartean sartzen dena urte osoan ibiltzen delako da».
AEBko Renotik etorri da Andrew Nazarechuk, eta lehenengo eguna du Zurriolako hondartzan. «Ez hori bakarrik, nire bizitza osoan surfean aritu naizen hirugarren aldia da, baina zoragarria izan da».
Jimenezek azaldu duenez, asteazkenekoa hasiberrientzako primerako egoera izan da. Gaurkoa, ordea, «gehiago dakigunontzako hobea izango da, edo horrela diote iragarpenek». Izan ere, Zurriolako hondartzan surferako olatu onak sor daitezen beharrezkoa den hego haizea ibiliko delako. «Haizeak lurretik etorri behar du, bestela, iparraldetik-edo datorrenean, olatua itxi egiten da».
Eta… bihar ere, goiz jaiki, lan eguna antolatu eta, ahal den neurrian, itsasora joko dute surf zaleak hotzari beldurrik izan gabe.