Hydrako hotela "nahikeria" ez dela eta espekulatzeko asmorik ez duela dio Elorzak
Hydran hotela egiteko asmoak atzera egingo duen trazarik ez du, Odon Elorza alkateak berretsitakoaren arabera, Ondarretako lursail horretan hotela eraikitzeko erabakia tinkoa da. Eskaintzak aurkezteko prozesua, gainera, abian da. Epea, hain justu, datorren martxoaren 12an itxiko da eta eskaintza ugari egotea nahiko luke alkateak.
Langile eta kiroldegiko erabiltzaile ugarik, ordea, bere horretan utzi nahi dute Hydra, eta sinadurak biltzeari ekin diote. Jarrera horren aurrean, hotela egitea «nahikeria» ez dela azpimarratu du. Espekulazio asmorik ere ez dagoela argitu du.
Hori gutxi balitz, hotela egiteko beharrezko baimen eta «bedeinkapen» guztiak dituela azpimarratu du. Ingurumen ikerketarik behar ez duela eta Kosta Legearen kontra egiten ez duela zehaztu du.
Indarrean dagoen Plan Orokorrak, gainera, bertan hotela egitea jasotzen du. Plan Orokorraren berrikusketa aztertu zenean, hotela egiteko asmoa bertan behera uzteko zuzenketa aurkeztu zutela kontatu du alkateak, Udalbatzak, aitzitik, zuzenketa atzera bota zuela argitu du, 25 zinegotziren babesarekin.
Horregatik, hotelaren aurka egiteko halako argudioak plazaratzea eguerdian ilargi bila ibiltzea dela adierazi du alkateak.
Etxadi eta Kontxa
Hirian kirola egiteko hamaika ekipamendu publiko zein pribatu daudela gaineratu du Elorzak. Besteak beste, Etxadiko kirolgunea aipatu du, baita azaroan Cervantes plazaren azpian irekiko duten kirol egokituaren gunea ere. Minberatutako gorputz atalak indartzeko gunea izango da.
Turismoa ekonomia iturri nagusienetako bat da hirian, eta hotel kopurua handitzea beharrezkoa dela nabarmendu du Elorzak. Bistari kopuruak oraindik ere hazteko aukera handiak dituela eta horiek erakartzeko hotel gehiago eraiki behar direla ondorioztatu du alkateak.