Telmo Esnalen hurrengo filma hirian errodatuko dute
Hirian 215 filmaketa egin zirela zenbatu zuen Film Commissionek iaz, 2009an baino 22 filmaketa gehiago. Bideratutako baimenak, berriz, 410 izan ziren.
Film luzeen artean, Bernardo Atxagaren nobelan oinarritutako ‘Bi Anai’, ‘Arriya’ eta Donostiari Brasilgo Rio de Janeiro itxura ematen dion Suediako ‘Citizens, Good Night’ filma daude. Nissan, Citroen, Actimel eta beste hainbat enpresek ere Donostia aukeratu dute beren iragarkietarako atrezzo. Japoniako, Erresuma Batuko nahiz AEBetako ekoizle askok ere hamaika gastronomia dokumental egin dituzte bertan.
Aurreko urtearen pare, 2011 ere oparoa izan daiteke. Hirian aurten egingo dituzten filmaketen artean, Telmo Esnalen filma dute bermatuta. ‘Urte Berri on, Amona!’ izeneko filma neguan hasiko dira errodatzen eta ohikoak ez diren kokalekutan ariko direla lanean aipatu dute, «auzo ez horren ezagunetan» ibiliko direla zehaztu du Lorea Hernandez Film Commission bulegoko arduradunak.