Mikel Esnaola Madrileko Birrintze Txapelketan (Argazkia: ACB photo)
Easo Saskibaloi Taldeko Mikel Esnaolak (Urnieta, 1995) ACBko Birrintze Txapelketa irabazi du Madrilen, joan den asteburuan. Rafael Bethencourt (Kanaria Handia), Marc Fortuny (Mahon) eta Juan Alforja (Zaragoza) gainditu zituen finalean. Duela hiru urte hasi zen saskibaloian jokatzen eta Eason lehen denboraldia osatzen arida.
Irutxuloko Hitzari bere esperientziaren berri eman dio.
Madrileko finalera iristeko, Donostiako kanporaketan parte hartu behar izan zenuen.
Bai. Saskibaloi federazioak bere web orrian ACBko hiruko eta birrintze txapelketak egongo zirela jarri zuen. Nik Birrintze txapelketarako izena eman nuen eta nire lagun batek hiruko txapelketarako. Ongi pasatzera joan ginen eta pixka bat prestatu genuen, Illunben izanik zerbait dotorea egin behar baitzen. Nik egindakoa oso ona zela esan ziguten eta Interneten jarritako bideoa 2.407 pertsonek bozkatu zuten. Horrela Madrilera iritsi nintzen.
Nolakoa izan da Madrileko esperientzia?
Gure txanda iritsi zenean, ikaragarria izan zen. Kantxa erdian komedia moduko bat egin zuten eta 15.000 pertsona zeuden guri begira, talde bat bagina bezala. Hasieran, zorte pixka batekin, antolatzeileek esan zidaten Baskoniako zaleek animatuko nindutela. Nire aurkezpena egin zuten eta Baskoniako zale guztiak zutitu egin ziren eta txaloka hasi ziren. Agurtu egin nituen eta birrintzea egin nuenean estadio osoa txaloka hasi zela esan zidaten.
Ongi prestatua zenuen egin beharrekoa?
Egia esan ez, ez nuen ezer prestatu. Ideiak banituen, baina besterik ez. Ostiralean, Etb-koek elkarrizketa egin zidaten eta Joxean Aldalur eta Xabier de la Fuenterekin egon nintzen. Kantxa guretzako utzi ziguten eta bost minutuz Joxean Aldalurrekin birrintzeak aukeratzen egon nintzen! Ez nuen halakorik espero, berarekin hitz egitea bakarrik ikaragarria izango litzateke niretzako.
Zer iruditu zitzaizkizun aurkariak?
Egia esan, gehiago espero nuen, entrenamenduetan kantxan egin zutena baino gehiago ikusi bainuen. Lehenengo biek huts egin zuten eta laugarrenak ere gehiago egingo zuela uste nuen.
Momentuan jakin zenuen txapelduna zinela?
Bai. Bi epaile zeuden eta bederatziko bana atera zidaten. Ikusleek, berriz, ilara bakoitzeko zenbaki bat zuten eta 30etik 27 lortu nituen. Orduan, laugarrenak bukatu zuenean, nik irabazi nuela esan zuten eta Baskoniako guztiak poztu egin ziren.
Zer sari jaso zenuen?
Ekipajea, poltsa bat eta barruan telefono eramangarri bat, toaila, baloiak…
Kopa zuzenean ikusteko aukera izan zenuen.
Gainera zortea izan nuen, Etb-koek beraiekin eseritzeko esan zidatelako. Beraiek partida komentatzen ari ziren bitartean, ni ondoan nengoen, kantxatik 50 zentimetrora. Hobeto ezin zen, ikaragarria izan zen.
Noiztik zabiltza Eason?
Hernaniko klubean hasi nintzen saskibaloian, 13 urterekin, eta iaz Easora etorri nintzen. Nire lehen denboraldia da Eason eta oso ongi gabiltza.
Zein da ACBko zure talderik gogokoena?
Etxekoen alde egiten dut. Lagun Aro gustatzen zait, baina nahiago dut talde handi bat eta Baskoniako zalea naiz. Hala ere, Ligan gehiago egin dezakeela uste dut. Lagun Arok, berriz, oso ongi hasi zuen denboraldia, baina gero behera egin zuen. Ez dakit nola moldatuko diren ACB Ligan mantentzeko.